Azal leuna, bihotz gogorra

hirinet 2012ko ira. 14a, 12:14

Pagoa-JM-SegurolaBeti esan izan da paseatzaileentzako paradisua dela hiri hau. Hala izan da beti bertako ibiltarientzat eta inguruko lurraldeetatik bisitari etorri direnentzat, eta orain baita kanpotar askorentzat ere, green hiriburuaren berdetasun berdingabearen esloganari erantzun eta hurbiltzen direnentzat. Eta ni bezalako bokaziozko paseatzaile eta zuhaitzen maitale batek xarma hori berretsi besterik ezin du egin, hainbeste dira bakoitzari bihotzak markatzen dion tempoan dastatzeko moduko bazterrak.

Eta hor ibili naiz aurtengo udan, eraztun berde edo urtegi ertz, parke edo bidezidor, seinalatutako eta seinalatu gabeko bideetan inguruko zuhaitzen kontenplazioan. Arbolazaleen artean ere denetatik dago, jakina: badira pinua gorrotatu eta haritza ikur hartu dutenak, gingkoaren erresistentziaren miresleak edo lizarra gero eta ahaztuago dagoela deitoratzen dutenak. Ni neu, aizkolariak bezala, beti izan naiz pagoaren mireslea.

Azkenaldi honetan, hostoak eta adarrak pixka bat ahaztuta, enborrei begira ibili naiz, zuhaitzaren plantari baino gerriari adiago, arbolaren luze-zabalari baino azalaren itxurari emanago. Azal zakarrak asko itsusten du zuhaitzik lerdenena ere, eta esan beharra dago azal kizkurtua, laztua edo zimurtua dela nagusi, ez gazte diren bitartean, noski, baina honetan ere adinak ez du barkatzen; ez gara gu bakarrik izango urteekin zatartzen garenak. Azal argi eta lau samarrekoa da makala, baina ateratzen zaizkion koskor eta pinporta modukoek ez diote mesede handirik egiten. Urkiaren zilarrezko dotoreziak ere asko erakartzen nau, baina azala urratu eta harrotzen zaionean zauri ilunez beteta geratzen da. Esan beharrik ere ez dago honetan ere pagoa ateratzen dela gailen, ez daukala parerik ez leuntasunean ez grisaren tonu eder horretan.

Aurtengo udako pozik handienetakoa izan da gutxien uste nuen tokian ezagutu dudan pago koadrila, pagadi izateko asko falta bazaio ere arbola lerdenen multzo ederra. Beste zereginik gabeko arratsalde askotan bukatu dut txoko horretan, hasieran nahi gabe, baina gero urteetako errutina baten indarrez. Ordu gozo asko pasa ditut hor egonean, adiskide berrien gerizpe amultsuan. Eta arratsalde batean, bizkarra pago baten enborraren kontra jarri eta eserita nengoela, aspaldiko eszena bat etorri zitzaidan burura, paseatzaile bat arbola bati besarkatuta ikusi nuenekoa. Hasieran harritu egin ninduen ikuskizun hark, baina beti izaten da gauza guztietarako esplikazioa prest izaten duen jendea: batek esan zidan korrikalari batzuen ohitura dela lasterka doazela pilatzen zaien elektrizitatea lurrera deskargatzeko; beste batek, berriz, ama lurraren energiaz betetzeko egiten zutela. Pilatutako energia husteko edo behar dena hartzeko, auskalo.

Kontua da arratsalde horretan neuri ere horixe bera egitea bururatu zitzaidala: lurretik jaiki, eta bizkarra bermatuta neukan pagoari besarkada handi bat eman nion. Ez nuen ama lurraren indarra sentitu –ez naiz oso telurikoa, nonbait–, baina oso sentsazio atsegina izan zen, eta lehen besarkada haren ondoren askoz gehiago etorri ziren, gero eta luzeagoak eta, zergatik ez aitortu, gero eta sentituagoak. Eta, eguna joan eta eguna etorri, nire paseoetako unerik gozoena bihurtu zitzaidan pagoak besarkatzeko momentu hori. Denborarekin pagoak hobeto ezagutzen hasi nintzen, elkarrengandik bereizten, eta zuhaitzek ere bakoitzak bere nortasuna dutela konturatu nintzen. Errepidean goazela autoko leihotik artalde bat ikusten dugunean, ardi guztiak berdinak iruditzen zaizkigu, baina badakigu artzainak den-denak ezagutzen dituela, bakoitzaren izaera ondo frogatuta daukala. Niri ere beste horrenbeste gertatu zait, nahiz eta ez naizen, artzainak bezala, nori bere izena jartzera iritsi.

Eta ezagutzearekin batera ezin saihestuzkoa da batzuk besteak baino gustukoago izatea, batzuen besarkada besteena baino gozoagoa izatea, eta gustukoen artean ere batek zerbait berezia duela sentitzea. Bigarren asterako banuen nik ere nire pago kuttuna, nire besarkada guztiak bereganatzeko adinako erakarmena zuen zuhaitz lerdena. Definizio klasikoaren arabera, inolako arrazoi objektiborik gabe emakume bati beste inork ikusten ez dizkion ezaugarriak ikusten dizkiona omen da gizon maitemindua. Hori horrela bada, ez naiz justifikatzen hasiko zergatik ikusten nion arbola hari besteei ikusten ez nien aura moduko hura.

Egun batean, arratsalderoko paseora ateratzeko prestatzen ari nintzela, orain urte batzuk film txinatar batean ikusitako eszena bat etorri zitzaidan gogora. Pelikularen bukaera aldera, protagonistak zuhaitz bati hitz egiten zion, harekin mintzatuz husten zuen bere barrua, arbolak zituen zuloetako batean ahoa jarri eta hari esaten zizkion beste inori aitortzen ez zizkionak. Nire arbola laztanak ere albo batean zulo bat zuela gogoratu nuen orduan, eta filmeko ideia hori buruan nuela iritsi nintzen nire bihotzeko pago maitearen ondora. Besarkada luze baten ondoren haren zuloaren ondoan jarri nituen nik ere ezpainak, eta hitz goxoak xuxurlatzen hasi nintzaion. Zenbat maite nuen aitortu nion, eta eskerrak eman nizkion nire bizitzara ekarri zuen poz berri harengatik.


—Aspaldian gertatu zaidan onena zu ezagutzea izan da—esan nion aitorpenari errematea emateko. 

Nire aitorpena amaitu orduko, zulotik zurrumurru ahul bat zetorrela iruditu zitzaidan. Belarria zuloaren kontra jarri, eta hitz batzuk entzutea iruditu zitzaidan, lurraren barrenetik ateratakoa zirudien ahots sakon baina aldi berean gozo batekin esandakoak:


—Ni ere gustura egoten naiz zurekin.

Inork ezin izango luke sinetsi momentu horretan sentitu nuen emozioa. Bihotz-taupadak biziagotu egin zitzaizkidan, eta eskuak dardara batean nituela heldu nion gerritik. Belarria indar guztiz jarri nuen zuloaren ertzean ahotsak nola jarraitzen zuen hobeto entzuteko:


—Oso konpainia atsegina zara—esan zidan, eta ia begiak bustitzeraino hunkitu ninduen—. Baina...

Ezusteko “baina” horrek atezuan jarri ninduen, ahotsak nondik jarraituko ote zuen jakin nahian, ordura arteko ilusioari beldurra nagusitzen zitzaiola.


—Adiskide onak izan gaitezkeela uste dut—jarraitu zuen ahotsak—, baina... baina hortik aurrera... ez dut uste gure artean ezer gehiago egon daitekeenik.


JM Segurola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide