InTACTO, ekintzaren eta okupazioaren nazioarteko jaialdia, irailaren 14an eta 15ean Gasteizen

hirinet 2012ko ira. 13a, 13:04

intacto-kartelaBigarren urtez jarraian, ‘Factoria de Fuego’ elkarte artistiko gasteiztarrak abangoardia eszenikoen topagune bihurtuko du hiria, irailaren 14 eta 15erako antolatu duen ‘inTACTO’ jaialdiari esker.  ‘8 ikuskizun, eta aldi berean, beste gauza bat’ lelopean, proposamen honek gaur egungo eszena esperimentalak XXI. mende hasierako gure bizitzak osatzen dituzten gertaerak, erritualak eta lekuak hartu eta berriro irudikatuko ditu, artearen eta bizitzaren arteko mugak lausotuz.

‘Antzezlan bat, zerbait ahaztezina, afari bat, kontzertu bat, ikuskizun bat, saskibaloi partida bat, altxatze bat eta gehiegikeri bat’. Hauek dira, zehazki, Europako artista eta konpainia ezberdinek eskainiko dituzten zortzi piezak. Aurtengo gai nagusia ‘okupazioa’-rena da eta jaialdiak ikuskizun ausart eta zirraragarriak izango ditu, artearen, gizartearen eta inguratzen gaituen munduaren arteko harremanak zalantzan jartzen eta birplanteatzen dituztenak. Zuzeneko artearen eta antzerki esperimentalaren nazioarteko jaialdia hau ‘arraroa, tragikoa, bozkariotsua eta utopikoa’ dela diote antolatzaileek.

inTACTO jaialdia Artium eta Ibaiondo gizarte-etxean gauzatuko da. Horrela, irailaren 14an, ostiralean, Frantzia kaleko museoak hasiera emango dio ekimenari arratsaldeko 18:00etan.  Bartzelonako 96º kolektiboaren ‘Fingir’, Sylvia Rimat alemaniarraren ‘Supongo que si explotara el escenario’ performance-a, La Cocina bilbotarrek eskainiko duten ‘Calla y come’ afari berezia eta Valentziatik Los anacolutos taldeak ekarriko duen ‘Small Cafe’ lana izango dira lehenengo jardunaldi honen osagarriak.

Larunbatean, berriz, Ibaiondo gizarte-etxera mugituko da eszena. Bertan, Sleepwalk Collective taldeak  Iara Solano gasteiztarra protagonista duen ‘El entretenimiento’ lan berria aurkeztuko du. Ondoren, saskibaloi kantxa antzezleku bihurtuko du El conde de Torrefiel talde bartzelonarrak, non ‘Observen cómo el cansancio derrota el pensamiento los límites de la resistencia física, mental... y vital’ lana antzeztuko duen. Greg McLaren-en ‘Sinfonía para público e intérprete’-k eta Made in China talde britaniarraren ‘Exceso estático’ lanak osatuko dute egun horretako programazioa.

Azkenik, aurtengo edizioari agur esateko asmoz, Ibu Hots aretoak Los Nitxos eta Los Cuantos taldeen kontzertuak eskainiko ditu.


Sarrerak erosteko HEMEN

Informazio gehiago www.festivalintacto.com

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide