Sentimendu bitxi samarra, diot, umetan gurasoekin Zeledon ikustera joaten nintzenean gauza horiek guztiak ezagutu ez ditudalako; berriak dira, azken urteotakoak.
Aldiz, izugarri gustatzen zitzaidan abuztuaren 4ko txupinazoan zigarroa pizteko gasteiztarrok genuen ohitura; izan ere, ume izanda, bakarrik egun horretan eta ordu horretan uzten ziguten erretzen. Arratsaldeko seietan Zeledon behera zetorren, algara, musika, dantza, kanta eta jauzien artean; bitartean plazatik ke laino trinkoa igotzen zen zerura, milaka zigarroen emaitza. Tabako errearen hodei ikusgarri hori guztion artean sortzen genuen, zaharrok, gazteok, umeok, helduok …; niretzat komunitatearen adierazle berezia zen, batera erretzean emaitza ikusgarria lortzen baikenuen gasteiztarrok, zerura altxatzen zen laino grisaren forman.
Gaur egungo Zeledon erritoa, aldiz, gazteen neurrira egina dago, eta plaza ordu horretan ez da oso leku egokia umeentzat edota adin batetik gorakoentzat. Botilek lehentasuna eskuratu dute eta zigarroa erretzearena batzuek bakarrik mantentzen duen ohitura da. Ez naiz erretzailea, baina pena ematen dit guztiok batera zigarroa piztearen ohitura hori galduz ikustea; hortik datorkit egun horretako sentimendu bitxia.
Argi gera dadin: ados nago tradizioak aldatu behar direla eta jaiak ezin ditugula fosil bat bezala betiko gorde behar; Zeledon bera berria izan zen gure gurasoentzat duela ez horrenbeste. Tradizioa, hizkuntza eta kultura bezala, bizirik badago, etengabeko aldaketan dago, noski. Bestalde, ez naiz iraganaren miresle horietakoa, eta ez dut uste berez aurreko garaiak hobeak zirenik eta lehengo gauzek oraingoek baino balio handiagoa dutenik. Ez, ez da hori, inola ere ez. Kontua da aldaketa batzuetan gal dezakeguna ederra eta aintzat hartzekoa izan daitekeela. Kasu honetan, nire ustez, zera galdu dugu, modu bat, gure-gurea, komunitate gisa agertzeko Gasteizko jaiegunen hasieran.