Salhaketa: Zabaiako makrokartzela, emakumeen aurkako bortizkeria

hirinet 2012ko uzt. 23a, 16:37

salhaketaGaurkoan hemen bildu garen elkarteak Zabaiako makrokartzelan preso dauden emakumeek bizi dituzten baldintzak salatu nahi ditugu. Zehazki, isolamendurako ziega berezietan ematen ari den egoera larria. Bertan, bere buruaz beste egiteko arriskua omen duten emakumezkoak sartzen dituzte, neurri “prebentibo” moduan aurkezten dutena.

Neurri hertsatzaile hori kaltegarria da. Bertan giltzapetutako emakumeek deskribatutakoaren arabera, baldintzen ankerkeriak gaixotasun mentalak larriagotzeko arriskua dakar. Suizidatzeko arriskua handitzea, beraz. Gainera, buruko gaixotasun larriak dituzten emakume presoak gainontzeko presoengandik isolatzeko neurri ezkutu gisa ere erabiltzen da.

Zabaiako makrokartzelako emakumeen sailak bi modulu ditu. Bederatzigarrena “begirune-modulua” da, eta gainerakoak hamargarrenean daude. Guztira 80 bat emakume daude preso. Horrez gain, buruko gaitz larriak izateagaitik “suizidioen prebentziorako planean” egokitzen dituzten emakumeentzako, isolamendu-ziega bereziak daudela jakin dugu. Harrigarria egiten zaigu, preso emakumeek beren buruaz beste egitea saihesteko neurri moduan, espetxe-araudiaren 72. artikulua aplikatzea. Artikulu horrek isolamendu zelularren moduko neurri hertsatzaileak arautzen ditu, hain zuzen. 

Isolamendu-ziegak hirunaka daude antolatuak, bata bestearen jarraian.  Tamainaz, ohikoak baino pixka bat txikiagoak dira. Kristal blindatuzko bi hormek banatzen dituzte ziegak, eta haien artean pertsiana bat dago. Pertsiana erdiko ziegan sartzen duten presoak, “sostengu-preso” deritzonak, igo eta jaitsi dezake soilik. “Sostengu-presoa”, egiazki, zaintza-lanak egitera behartuta dagoen pertsona da. Preso horrek egiten duen lana, berez, buruko osasunean espezializatutako langileei edo presondegiko funtzionariei dagokie.

Hauek dira, buruko gaixotasun larriak izateagatik, isolamendu-ziegetan giltzapetuak dauden emakumeen bizi-baldintzak: ez dute ez komunik, ez konketarik ez eta dutxarik ere; komunaren ordezko gisa zulo bat dago lurrean eta ura hormara itsatsita dagoen iturritik irteten da, lurreratzean ziegaren zorua bustiz. Ez dute xaboirik, ez komuneko paperik, ez edalontzirik. Hortzetarako pasta eta eskuila edo konpresak eta tanpoiak ez daude beti eskuragarri. Ez dute aldatzeko arroparik, soinean daramatena soilik. Ezin dute libururik sartu eta ez dute telebistarik. Ez zaie beti ziega garbitu ahal izateko gairik ematen, unean uneko funtzionariaren esku geratzen da erabakia. Janaria berandu eta hots ailegatzen da isolamendu ziega hauetara. 

Komunikatzeko bide nagusia kristal blindatura hurbildu eta ozen hitz egitea da. Zer edo zer gertatuz gero, funtzionariak deitzeko txirrin antzeko bat dago, baina, esan digutenez, batzuetan ez dute erantzun ere egiten. Edonola ere, isolamendu-egoeretarako araudia ez betetzea da larriena: ziega horietan, isolatuak dauden presoek ez dute medikuaren eguneroko bisita jasotzen, eta hori ezinbesteko neurria da, hain zuzen, beren buruaz beste egiteko arriskua duten pertsonen osasun-egoeraren jarraipenerako.

Islatutako presoaren zaintza-lana “sostengu-presoak” egiten du hiruren arteko erdiko ziegatik, kritalezko horma blindatuaren bestaldetik. 12 ordutako txandak egiten dituzte “sostengu-presoek”, 9etatik 21etara eta 21etatik 9etara, isolatutako emakumeak bere burua minduz gero, funtzionariak ohartarazi ditzaten. Jakin dugunaren arabera, unean uneko funtzionariak erreleboa egiten uzten ez baldin badu, 24 orduko txandak egitera hel daitezke. “Sostengu-presoa” zaintza-lan horiek egitera behartuta dago, “begirune-moduluan” jarraitu nahi badu; izan ere, zerbitzu mota horiek betetzeko konpromisoa jasotzen duen idatzia sinarazten baitzaio. Lan mota horiek egiteari uko eginez gero, 10. modulura bidaltzen dituzte, eta zenbaitzuetan zigortuak ere izan dira. Betez gero, saritu egiten dituzte. Eginkizun jakin horrekin, komunikazio intimo bat irabazten dute hilean. Eta programan urtebete eginez gero, baldintzapeko askatasuna hiru hilabetez aurreratzea lortzen dute.

Egoera ankerra, laidogarria eta umiliagarria da deskribatzen ari garen hau, emakume presoen intimitaterako, tratu duinerako edo osasunerako oinarrizko eskubideak urratzen baititu. Horregatik jo dugu salaketarekin hainbat alor judizial, politiko eta administratibotara. Bereziki larria eta salagarria iruditzen zaigu emakumeen aurkako bortizkeria hori erakunde publikoen barnean gertatzea. Hain zuzen, urraketa horien kontra ekin beharko luketen erakundeetan.

Gogora ekarri nahi dugu emakume presoen kolektiboa bereziki baztertuta dagoela, bai gizartean, bai kartzela-sistemaren barnean. Emakumezkoei ez zaie arretarik eskeini ez zigor-zuenbidean, ez espetxe-araudian. Ikusezinak dira gizartearen aurrean, gehienez ere presoen kolektiboaren eranskin; hor nonbait galdutako datua estatistika ofizialaren itsaso zabalean. Emakume presoak zigor bikoitzari egiten dio aurre, askatasun-gabezian kondena betetzeaz gain, itxialdirako espazioak gizonentzako soilik baitaude pentsatuak. Aktibitateak eta zerbitzuak lortzeko orduan baztertu egiten dituzte, etengabe.

Muturreko egoera hauek ez dira emakume presoek pairatzen dituzten gehiegikeria bakarrak Zabaiako makrokartzela berrian. Urte honetako maiatzaren 23an, irekieratik bost hilabete igaro ondoren, makrokartzela berriaren egoera azaltzen zuen txostena aurkeztu zen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Bertan, emakume presoei eragiten dieten zenbait egoeraz ohartarazten zen. Nabarmenduz, emakumeentzako patioa zein erizaindegikoa oso txikiak direla, klaustrofobia sentsazioa sortzeraino.

Aipatu txostenean gainera, emakume presoen ardura jasotzen da kartzela zaharrean baino borroka gehiago egonagatik. Giroa estresagarriagoa bilakatu da. Hamar bat emakumezko funtzionarik beste kartzela batzuetara joatea eskatu zuten berrira joan nahi ez zutelako. Azkenik, Zabaian ere, 3 urtez azpiko seme-alabak dituzten amentzako modulurik ez dagoela salatzen da, horren ondorioz egoera honetan aurkitzen diren emakume presoak Euskal Herritik kanpora lekualdatuak izaten jarraitzen dutelarik.

Bukatzeko, espainiar estatuaren zigor ereduaren izaera patriarkal, diskriminatzaile eta mendekatia salatu nahi dugu, emakumeekin bereziki tematzen delako. Aurtengo apirilean “Jueces para la Democracia” eta “Unión de Fiscales Progresistas”  elkarteek populismo zigortzailearen (populismo punitivo?) inguruan kaleratutako txostenean bertan jasotzen denez, Gizonezko presoekin alderatuta,  Europar Batasuneko emakume presoen tasa altuena du Estatu Espainolak (ia osotasunaren %8a, esaterako Estatu Frantziarreko %3,5aren edo Italiako %4,3aren aurrean).


Salhaketa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide