Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak egitasmoa errealitate bilakatzea aldarrikatzen du

hirinet 2012ko uzt. 18a, 14:24

antzokia1Plataforma arlo desberdinetako gasteiztar euskaltzaleek osatzen dute. Gasteizko Kafe Antzokiaren alde egiteko elkartu, bere aldeko manifestua sortu eta sinadura bilketa bati ekingo diote gizartearen babesa bilatze aldera.

Dagoeneko Gasteizko kulturgintzan eta euskalgintzan esanguratsuak diren ehun lagunetik gorak manifestuarekin bat egin du Lourdes Oñederra, Bernardo Atxaga, Elena Martinez de Madina edo Joseba Belokik, besteak beste.

Gasteizko Kafe Antzokiaren plataformak gaur goizean aurkeztu du bere burua Andra Mari

Zuriko enparantzan. Plataformako kideekin batera kultura, kirola, kazetaritza, hezkuntza eta

beste hainbat arlotan esanguratsuak diren pertsonak izan dira.

Juan Ibarrondo idazleak eta Leire Elizagarai euskara irakasleak eman dute plataformak landutako manifestuaren berri. “Gasteizek Kafe antzoki bat behar du” baieztatu du Ibarrondok “Euskararen ezagutza eta erabilera ez dira neurri berean hazten ari. Egoera hori orekatze aldera, erabilerak aurrera egin dezan alegia, arnasguneak behar ditugu gure hirian, eta guretzat Kafe Antzokiak eredu onak dira, euskara gizarte osora zabaltzeko, Gasteizko euskaldunok elkar ezagutzeko, hizkuntzak arnas hartzeko”.

Leire Elizagaraik gaineratu duenez “Kafe Antzokia euskararen erabilera sustatu eta aberasteko beharrezkoa da. Horrela, elebidun izateak gu denok aberasten gaituen moduan, geure hiria ere aberastuko da”.

Eta nola? “Euskarari lehentasuna emanez, euskaraz programatuz eta euskaraz sortzeko gune egokiak eskainiz; baina, era berean hizkuntza desberdinetako eskaintza kulturala ere aldiro txertatuz, eta bide batez euskararen mundura askotariko lagunak erakarriz”.

Proiektu kultural zabala, irekia eta parte-hartzailea proposatzen du plataformak eta egitasmoaren alde dagoen pertsona orori ateak parez pare irekitzen dizkio elkarlanean aritzeko.

“Gasteizko Kafe Antzokia garrantzitsua da gure hirian, euskararen eta euskal kultura zabalaren indargune eta arnasgune gisa. Horregatik, bere alde egin nahi dugu eta proiektu hau babesteko zuen sinadura ematera animatu nahi zaituztegu” laburbildu du Elizagaraik.

Lehen sinadurak gaur bertan jaso dira agerraldiaren amaieran. Atxikimendua emateko bide desberdinak daude. Alde batetik plataformako bloga,  emaila gasteizkokafeantzokia@gmail.com baita Facebook-eko profila ere. Horrez gain, datozen asteetan hiriko txoko desberdinetan sinadura emateko aukera egongo da.


Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide