Audience eta 'Amerikanuak' dokumentala Artium museoan

hirinet 2012ko uzt. 18a, 10:24

AUDIENCE_txikiaDatorren uztailaren 27an, Artium-eko ‘Ilunabarrean’ programaren baitan, Audience taldeak Amerikanuak’ ikuskizuna aurkeztuko du azkeneko aldiz.

Horrela, Nevadara emigratu zuten euskaldunen pasarteak kontatzen dituen dokumentalari, irudiekin sinkronizaturiko musika jarriko dio boskote gernikarrak, pelikularako propio sortutako eta amerikar zein euskaldun erroak dituzten abestiak interpretatuz.


Hirinet-ek taldeko Gaizka Insunzarekin hitz egin du, 2009an hasi zen lan interesgarri eta txukun honi  buruzko zehaztasunak ezagutzeko asmoz.


Ikusgai izango den ‘Amerikanuak’ dokumentalari zuzenean musika jarriko diozue. Lan zehatza  eta zaila dela suposatzen dut, kontuan hartuta gainera, boskote bat zaretela…

Bai, hala da, baina honen inguruan badago ideia oker bat. Egiten dugun ikuskizunean protagonista nagusia ‘Amerikanuak’ pelikula da baina ez da bakarrik pelikula jartzea eta guk soinu-banda jotzea. Pelikula gure terrenora ekarri dugu eta ikuskizunean ere ikusi ahal izango dira filmean agertzen ez diren irudiak. Azken finean, zuzendariak Ameriketara joan ziren, bertatik 90 orduko zintekin etorri ziren eta gero hori zinematan ikusi dugun 90 minutuko pelikulan gelditu zen. Baina guk pelikulan agertu ez diren irudi horiek erabiltzeko aukera izan dugu eta geure musikarekin eta pelikulak eskaintzen duen unibertsoarekin geure espektakulo propioa sortu dugu.

Guretzako ‘Amerikanoak’-en esperientzia hau ikasketa-prozesu handia izan da, lehenengo aldia baita musika irudiekin nahasten dituguna eta kontzertuari begira, teknikoki guretzako oso erronka handia izan da. Orokorrean gu talde moduan joaten gara baina espektakulo hau gauzatzeko soinu-teknikari bat, argi-teknikari bat eta ekoizle bat behar ditugu. Esan bezala, teknikoki nahiko konplexua da, musika irudiekin koordinatuta egoteko, eszenatokian erreferentzia bat behar dugu eta horrek egiten du dena oso konplexua izatea, baina, beste alde batetik, ikasketa-prozesua sekulakoa izan da eta etorkizunean musika eta irudiak batera uztartzeko aurrerapauso ona izan dela uste dut eta aurrera begira ildo honetan jarraituko dugula pentsatzen dut. 


Audience1Zer ematen dio dokumentalari zuzeneko soinu-banda bat izateak?

Alde batetik, pelikula ikusi duenarentzat pelikularen istorioa borobiltzen du eta gainera ez dugu bakarrik pelikulako abestiak jotzen, izan ere, batzuetan geldiune txiki bat egiten dugu eta geure lehenagoko diskoetako abestiak jotzen ditugu. Hortaz, nahastu egiten ditugu Audience-n betiko espektakulua ‘Amerikanuak’-en munduarekin. Bestalde, pelikula ikusi ez duenarentzat, modu desberdinean eta egitura desberdin batekin pelikulak kontatzen duen istorioa kontatzen dugu. Azken finean, bertako protagonisten sentipenaz aprobetxatu gara. Izan ere, bertako protagonistek, alde batetik, garai gogorrak bizi izan dituzte, beraien lan giroa ere azaltzen da, baita ere bertan laguntasuna topatu zuten eta koadrila bat osatu dute. Protagonistak batzuk ere maitasuna aurkitu dute bertan eta aprobetxatzen gara euskaldunek Ameriketan aurkitu dituzten sentimendu guzti horietaz eta hauetaz baliatuz saiatzen gara istorio bat kontatzen, bidaia baten istorioa, alegia.


Nola sortu zen Nacho Reig eta Gorka Bilbao dokumentalaren egileekin kolaboratzeko aukera?

Kolaborazioa beraiek planteatu ziguten. Alde batetik, lagunak gara eta bestetik, pelikulak kontatzen duen istorioak eta Audience-en musikak harreman sinbiotiko bat badutela pentsatzen dut. Pelikulak euskal jendeak Ameriketara nola joan zen kontatzen du eta bidaia horretan bizitza berri bat planteatu zuten. Bestalde, badago gure musika. Geu gara euskaldunak, baina nabaria da gure musikak estilo amerikarren influentzia baduela eta horrek istorioa osatzen du. Joan-etorriko bidaia da; joaneko bidaia Estatu Batuetara joan direnen euskaldunena eta gurea izango litzateke bueltako bidaia, Ameriketako influentzia jaso baitugu. Horrela, gure musikaren bidez, musika eta irudien bidez, sinbiosi ona lortzen dugu.


Nolakoa da soinu-banda baten sortze-prozesua?

Esperientzia oso ona izan da. Izan ere, gure musikak nahiko kutsu ‘pelikulero’ bat izan du beti.  Gure lehenengo diskoan ‘Rope’ abestia egin genuen, izen bereko Hitchcocken pelikularen ingurukoa, hain zuzen. Bigarren diskoan, aldiz, ‘A woman under the influence’ abestia egin genuen, Casavettes-en pelikulan oinarrituta. Beraz, gure disko guztietan pelikuletan oinarritutako kantak egin ditugu. Horrez gain, film laburretan zein antzerki-lanentzako musika ere egin izana dugu. Baina egia da 90 minutuko luzemetrai batentzako musika egitea ezberdina dela eta estudiora joan ginenean tresna berriekin lan egin behar genuen. Hala ere, uste dut gaiak oso puntu baikorra suposatu zuela eta hasieratik zuzendariek esan ziguten ‘western’ musika nahi zutela, euskal kultura, folklorea eta Amerikako ‘western’-aren arteko nahasketa bat. Hortaz, gaia dela eta, oso modu naturalean atera zela esango nuke.


Oinarrian blues-a, rock-a eta folk-a dituzten 19 tema ondu dituzue. Amerikar musikaren erroak ezinbestekoak ziren lan honetan?

Bai, hasieratik zuzendariek ideia hori argi finkatuta zeukaten, hots, euskal herriko ‘western’ moduko bat egin nahi zuten. Guk ere oso argi ikusten genuen horrelako zerbait izan behar zuela. Guri beti instrumentu berriak jotzea gustatu zaigu eta disko honek horretarako aukera eman zigun eta inoiz ere jo ez genituenak jo genituen. Adibidez, gure baxu-jotzaileak lehenengo aldiz kontrabaxua jo izan du, nire anaiari (Ager Insunza) beti gustatu izan zaizkio steel gitarrak eta horrelakoak eta lehenengo aldiz ere dobroa jo izan du. Hannot ere lehenengo aldiz banjoarekin animatu da eta nik neuk mandolina hartu dut lehenengo aldiz eta hortaz, instrumentazio aldetik ere gauza berriak egin ditugu.


Audience2Zuzeneko irudiekin sinkronizaturiko musika-lana interpretatzearena, berriz, nondik sortu zen?

Alde batetik, argi geneukan ikuskizun hau egingo bagenu sinkronizatu beharko genituela irudiak eta musika. Guk gure diskoetan, aspalditik, (hau da talde askok izaten duten debatea) klaketarekin jo ala ez planteatu dugu. Klaketak askotan egiten duena da askatasun apur bat kendu, kontzertuaren momentu batean azkarrago jo nahi baduzu, klaketak ez baitizu uzten, klaketak markatzen baitu jo behar duzun erritmoa. Baina badaude momentu batzuk non irudiaren menpe gauden, esaterako, protagonistak hizketan daudenean. Musikaren bolumena jaitsi behar dugu eta jakin behar dugu musika zein momentutan dagoen. Nahiz eta askatasun apur bat galdu, badakigu horrekin oso koordinatuta gaudela eta horrela badakigu protagonistek justu zein momentutan hitz egiten duten eta horregatik nahiko beharrezkoa ikusten genuen klaketa erabiltzea. Beraz, badaude abesti batzuk non klaketarekin gauden eta erritmoa oso zehatza den eta beste momentu batzuk, aldiz, non askatasun txiki bat izaten dugun eta pantailara begiratuta eta protagonistak entzunda guk mantentzen dugu erritmoa.


Euskal Herriko txoko ezberdinetan ez ezik, kanpora eraman duzue ‘Amerikanuak’ ikuskizuna…

Bai, batez ere aretoetan aurkeztu dugu, besteak beste, Gernikako Lizeo aretoan, Bilboko Bizbak-en edo Donostiko Antzoki Zaharrean. Horrez gain, Bartzelonan eta Mallorkan ere aurkeztu genuen gure lana. Erantzuna oso ona izaten ari da. Badakigu ikuskizuna nahiko konplexua denez, ezin dugula edozein lekutan egin eta kontzertu gehiago ematea gustatuko litzaiguke baina jakina, lan hau aurkezteko pantaila bat eta eszenatoki nahiko handia behar dugu eta ezin dugu beraz, nahi beste aldiz egin.


Uztailaren 27an Artiumen eskainiko duzuen ikuskizuna azkena izango da. 2008tik geroztik atsedenik gabe egon zarete, ezta?

Bai, gainera baditugu gogoak apur bat atseden hartzeko. Izan ere, 2008an grabatu genuen ‘A shake in calm water’ diskoa, 2009an argitaratu eta biran hasi ginen. Momentu horretan, ‘Amerikanuak’ proiektu honetan parte hartzeko aukera sortu zitzaigun eta noski, ez genuen aukera desprobetxatu. Hortaz, urte horretan gauza asko pilatu zitzaizkigun; disko berria aurkezteko kontzertuak, soinu bandaren grabazioa, Mikel Laboaren omenez egindako diskoko abestia… Dena elkartu zitzaigun eta ez dugu atsedenik hartzeko momenturik izan. Horregatik, Artiumekoa azkenekoa izango da eta utziko ditugu hilabete batzuk disko berria prestatzeko eta indar berriekin bueltatzeko.

 


Gainera, bira honi agur esateko Artium bezalako leku paregabea eta aproposa duzue…

Egia esan, gogo handiak izan ditugu aspalditik Artium-en jotzeko eta gainera, urte hauetan zehar askotan komentatu dugu bertan jotzeko gogoak genituela.



Trailerra


 

Uztailaren 27an, ostiralean, 22:00etan, Artium-en


Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

Irudiak: Zigor Etxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide