i-Belaunaldia

hirinet 2012ko uzt. 9a, 10:09

javi-lopez

Javi Lopez

 

Krisialdiaren harira... Duela hilabete batzuk zinemara joan nintzen estreinatu berria zen film bat ikusteko asmoz. Egia da une hartan film berriaren distirak liluratu ninduela, eta egia da larunbat arratsalde bat zela. Beraz, estreinaren xarma eta ordutegi egokia elkartu ziren eta emaitza nahiko logikoa izan zen: zinema nerabez beteta zegoen. Eta ez, ez zuten zaratarik egin eta filma gustura ikusi nuen. Beste gauza batengatik idazten ari naiz hau.

Hamar minutu lehenago sartu nintzenez denbora izan nuen haien portaera behatzeko. Guztiek zeukaten tramankulu bat eskuen artean: telefono bat, hain zuzen. Baina ez ziren telefono normalak, guztiak "smartphone" izenekoak ziren. Gaur egun nahiko arrunta da horrelako tresna bat izatea baina (eta aitortu behar dut ez dakidala zergatik) ez nuen espero nerabeek horrelakorik izatea. Beharbada azken modeloak zirelako, edo merkatuan dauden garestienak zirelako...

Apur bat harriturik geratu nintzen, azken finean telefono horiek ordaindu behar direlako, eta nahiko argi dago haiek ez dituztela ordaintzen. Nahiz eta egoera ekonomikoa ona ez izan, jarraitzen dugu horrelako produktuetan dirua gastatzen, etengabe. Eta hemen jarri dut "DUGU" eta ez "DUTE". Kapritxoak dira, besterik ez, eta askotan jendeak ez daki oso ondo zertarako balio duten... baina erosten dira.

Dena den, eta zurrunbilo honetan sartuta egon arren, uste dut noizean behin hausnarketa apur bat egin beharko genukeela. Nire berraitonak behin aipatu zuen: "Egunen batean guztiok eramango dugu erloju bat eskumuturrean". Ez bata, ez bestea. Daukagun abiadura zorabiatzekoa da batzuetan. Ez ote dira ohituko gure nerabeak denetarik edukitzera? Ez ote dira ohitu dagoeneko?

Zer gerta daiteke bat-batean ezinezkoa baldin badute merkatura atera den azkenengo tresna erosi? Errealitatea gogorra da, eta ez da batere erosoa. Eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren tresnak eskuratzeko eskatzea besterik ez da nahikoa. Hasieratik adierazi behar da zer den beharrezkoa eta zer ez.

Teknologia berriek betetzen dute gure mundua. Batzuetan argi dago beharrezkoak direla, medikuntzarekin loturik daudenak, esate baterako. Baina normalean horiek ez dira ezagunenak. Teknologia enpresek badakite zer eta noiz saldu, badakite nola sortu behar berriak pertsonengan. Egoera ekonomikoa hobeto ahazten da jostailu berriekin ezta? Kontua da, agian, gure gazteei errealitate faltsu bat saltzen diegula.

Kalera aterako naiz, eta guztiek erloju bat baldin badute eskumuturrean hasiko naiz kezkatzen, beharbada heldu da nire berraitonak aurreikusi zuen eguna...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide