Bergantzuko taberna, kolokan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ira. 8a, 06:00
Urtaber proiektua martxan jarri zuen Zanbranako udal talde independenteak, aurreko legegintzaldian. Argazkia: WIKIPEDIA

Zanbranako lehengo udal gobernuak onartu zuen Urtaber jatetxearen proiektua PSE-EEko alkateak gelditu duela salatu du Aitor Abezia alkate ohiak. Bergantzun ez dago jatetxerik gaur egun.

Zanbranako PSE-EEko udal gobernuak Bergantzun taberna bat zabaltzeko proiektua gelditu duela salatu du Aitor Abezia alkate ohiak. Modu horretan, aurreko udal gobernuak lortu zuen 109.470 euroko diru laguntza galduko dela azpimarratu du Abeziak, "eta herriarentzat zein bisitarientzat garrantzitsua den ostalaritza zerbitzua galduko da".

Duela bizpahiru urte, merezitako erretiroa hartu eta Bergantzuko taberna itxi zuten jabeek. Ordutik ez da herrian jateko eta edateko eskaintzen duen ostalaritza zerbitzurik, nahiz eta Uraren Ibilbidea zabaldu zenetik, herriak milaka bisitari jasotzen dituen, batez ere uda partean. Bada, arazoari irtenbidea emateko, Zanbranako talde independenteak  (AIZ) taberna eta jatetxea eraikitzeko proiektua martxan jarri zuen aurreko legegintzaldian. Izan ere, aurtengo apirilean esleitu zuten obra, 164.150,39 euroan.

"Taberna kokatzeko alternatiba guztiak aztertu genituen bere garaian"

Alta, alkate ohiak sare sozialetan ohartarazi duenez, PSE-EEko udal gobernu berriak Urtaber proiektua bertan behera uzteko asmoa du, eta hala erabakiko dute, gainera, hurrengo udal osoko bilkuran, gehiengo osoa baliatuta. "Udalerrian ez dagoen zerbitzu berri bat eskaini nahi da egoiliarrentzat, bai eta Uraren Ibilbidera edo eskualdeko beste baliabide turistiko batzuetara hurbiltzen diren pertsonentzat ere. Urtero, 20.000 pertsona hurbiltzen dira Bergantzura Uraren Ibilbidea egitera", gogoratu du Abeziak. "Udal gobernu berriak taberna kokatzeko alternatiba guztiak aztertu nahi dituela esan du, baina urrats hori bere garaian egin genuen", ziurtatu du alkate ohiak.

Bi aukera

Abeziak azaldu duenez, Bergantzuko herriko etxeko lehen solairuan jatetxea kokatzea izan zen udalak aztertu zuen lehen aukera, baina herriko batzar administratiboak ez zuen begi onez ikusi; orduan, udalak erortzear zegoen etxe bat erosi zuen herriko plazan, eta taberna eta jatetxea eraikitzeko proiektu arkitektonikoa agindu zuen. Horretan aurreikusten da establezimenduaren kudeaketa lankidetza publiko-pribatu baten emaitza izango dela, non udalak hornikuntza ematen duen, eta ekimen pribatuak kudeatuko du zerbitzua. "Kontua da establezimendua astegunen batean irekitzea, larunbataz eta igandeaz gain, herrikoei zerbitzua emateko. Halaber, taberna-jatetxea bertako produktuetan espezializatzea pentsatu zen".

Zanbranako Udalak eraikin zaharra eraberritzeko eta bertan Urtaber jatetxea eraikitzeko finantziazioa bi bidetik lortu du: "Proiektua gauzatzeko, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaritzaren bidez, 54.137,58 euroko diru laguntza bat lortu genuen, eta beste 55.333 euroko ekarpena, Gobea Heritage, SL biofindegiarekin sinatutako hirigintza hitzarmenaren ondorioz", azaldu du Abeziak. 
Iragan apirilean, udalak Urbico S.L enpresari esleitu zion Urbide tabernaren kontratua. Halere, maiatzaren 28ko udal hauteskundeak PSE-EEk irabazi zituen Zanbranan, eta Trinidad Zarza da alkate berria. Abeziaren esanetan, Zarzak proiektua gelditu du, eta udalbatzan aztertuko dute tabernaren etorkizuna. "EAJk tabernaren proiektuaren alde egin zuen aurreko legegintzaldian, ikusteko dago zer egiten duen orain".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide