Zuzeneko musika herrira dator bueltan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ira. 3a, 08:00
Estulizen uztailean eginiko kontzertua. Argazkia PHOT.OK

Araban, Estulizko Montehermoso etxeko lorategian, aurkeztu zuten Villalacre proiektua, iragan uztailean, gaueko jazz kontzertu batekin. Unai Zelaiak eta Guillermo Martinezek zuzeneko musika herri txikienetara eramateko erronkari eutsi diote, Burgosko Merindadeetatik. "Pentsaezina errealitate bihurtu dugu".

Hamabost euroren eta edari baten truke, musika zuzenean eskaintzen dute, uztail eta abuztuko asteburuetan, Villalacre egitasmoko musikariek, beren etxeko lorategian, aire librean, edo saloian, eguraldiak eta emanaldiaren izaerak hala agintzen badute. Burgosen dago Villalacre, Merindadeak eskualdean, Arabako mugan. Hamar biztanle ditu herriak, ondoko Gaubeako udalerriko hainbat herrik bezalaxe; eta bai batean zein besteetan  musika zuzenean entzutea pentsaezina zen orain dela hiru urtera arte. "Pentsaezina zena errealitate bihurtu dugu", azpimarratu du Unai Zelaia Pujol biolinista leioarrak eta ekimenaren bultzatzaileak. Aurten, gainera, La noche encendida on tour (Piztutako gauaren tourra) izeneko programa martxan jarri dute, Villalacrera bezala, inguruko herri txikietara ere maila goreneko musikariak eramateko. Aurrenekoz, Arabara egin dute salto, eta, Estulizko Montehermoso landa-turismoko lorategian jo dute Cuatriloko hari laukoteko musikariek iragan uztailean.

Zelaiarekin batera, Guilermo Martinez pianista dago Villalacreko proiektuaren atzean. Ez daude bakarrik. Uda bitartean, dozenaka musikarirekin partekatu dituzte musika saioak: Gorka Hermosa konpositore, eta akordeoilari urretxuarra izan da Villalacren, baita Paul San Martin pianista donostiarra, Fran Serrano kontrabaxu gasteiztarra, Edurne Zabalo klarinetista edo Joaquin Marco kontrabaxua ere. "Kalitatezko jendea etortzen da, ondo tratatzen ditugulako, ondo ordaintzen diegulako eta ikusten dutelako kalitatezko zerbait egiten dugula. Gure etxeko saloia hau schubertaldi bat birsortzeko saiakera da, eta familia musikala osatzen joan gara", azaldu du Zelaiak. Gonbidatuek gehien eskertzen duten gauzen artean dago, hain zuzen, familia musikala sortzeko aukera ematen duela Villalacrek: "Harremanak egiten dira, lan berriak sortzen dira, profesionalen kanpaleku musikala bihurtzen da etxea; aberasteko balio digu proiektuak", zehaztu du biolinistak. Musikari askok nahi izan dute Villalacrera joan, baina Zelaiak eta Martinezek ezin izan dute eskatu dieten guztia programatu. "Guk ere lan egin behar dugu, jakina; beste pertsona batzuk etortzen direnean proiekturako diru pixka bat geratzen da, baina gastuak kubritzeko besterik ez; beraz, uztaila osoa guretzat hartu dugu".

Abuztuan itxi dituzte Villalacreko kontzertuen denboraldia eta herrietatik tourra, baina aurrera jarraituko dute hurrengo urtean programarekin. "Agian, aurten, gehiegi programatu dugu. Lan zama handia da guk egin behar dugulako guztia, edariak prestatu behar ditugu, zerbitzatu, ez dago catering zerbitzu bat. Arlo musikalean, errepertorioa lotzea ere oso inportantea da, eta denbora eskatzen du, datak koordinatu behar dira…, zama emozional handiko egunak dira". Burgosko administrazioen eta udalaren aldetik ez dute inolako babes instituzionala: "Aurten, udalak aulkiak ere ez dizkigu utzi", esan du Zelaiak.

Herrira bueltan

Villalacreko egitasmoa bi musikarien bizi eta lan beharretatik sortu da. Unibertsitatean, musika klasikoko ikasketak amaitu eta gero, nora jo ez zekiela okurritu zitzaion Zelaiari gurasoek eraberritutako baserrian proiektu musikal bat garatzea. "Gurasoak ez dira hemengoak, baina hogei urtez egon dira erortzear zegoen etxea berregiten, bere eskuekin. Nik denbora asko eman dut hemen txikitatik, eta musikari bezala ere aurrera egiten lagundu dit herriak, ez baitut ordutegi zehatz bat jarraitu behar ingurukoak ez molestatzeko; ordu txikitan edo kuluxka orduan entseatu dezaket arazorik gabe".

Hasierako asmoa, ganbara talde bat sortzea izan zen, eta hirukote bat sortu zuten Cesareo Muñoz txelo-jotzaileak, Guillermo Martinez pianistak, eta Zelaiak berak, "baina lanak eta bizitzak uztartzea zaila da, eta ganbara talde batek eskatzen du lotura handia izatea musikarien artean". Pandemiaren ostean, Muñoz beste proiektu batean sartu zen, eta alde egin zuen, banatu ziren, eta Martinez eta Zelaia bakarrik geratu ziren. "Atsekabeturik geunden, baina berriro zerotik hastea erabaki genuen, zerbait berria asmatzea. Saiatu ginen kontzertuak streaming bidez egiten, eta abar, baina ez zuen funtzionatu, eta azkenean jendea Villalacrera etorri behar zela pentsatu genuen, isats-piano ederra eta saloi handia ditugu hemen, hogeita hamar lagun ere sartzen dira, eta lorategian are jende gehiago". 
Saiatu dira, eta lortu dute, ez soilik Villalacrera baizik eta Merindadeetara publikoa erakartzea.

"Nazkatuta geunden bakarrik dagoelako Medina Pomarrera edo Villarcayora turisteoa eta lau ibilbide egiteko eskaintza. Gauza asko egiten dira Merindadeetan, Friasen, adibidez, Medina Pomarren, baina toki handiak dira, berezko erakargarri kulturala eta turistikoa dira, baina horiek izatea foku kultural bakarra… Denak joan behar gara herri handietara? Zergatik ez datoz horiek Villalacrera? Bada, guk lortu dugu, Madriletik etorri da jendea gu ikustera, ordurarte Merindadeak non zeuden ez zekiena". Proiektuaren lehen urtean 800 lagun hurbildu ziren herrira, eta iaz 1.400 pertsona joan ziren Villalacrera.

Zuzeneko musikaren xarma

Halere, publikoaren artean faltan bota ditu Zelaiak herriko bizilagunak eta bertako nekazariak. "Gutxien etortzen direnak hemengoak dira; agian, musikariekiko aurreiritziak dituzte, ez dakit, baina oxala etorriko balira. Uste dut duela urte asko aldendu zirela kultureta edo listopasatuaren antza duen orotik, eta nahiago dutela ulertzen dituzten gauzekin geratzea. Eskaintzen ari gara hirietan bakarrik dauden gauzak, han balore handia eman zaiolako musika honi, eta ez da kasualitatea, ez da moda, ez da esnobismoa biolina bezalako musika tresna batek bostehun urte irautea. Herrietako jende zaharra musika mota hau baztertzea… Ez dakit. Nik ez diet eskatzen astebururo etortzea, baina saio batera etorriko balira ulertuko lukete".

Izan ere, Villalacre egitasmoaren helburuetako bat da aurreiritziengatik musikara hurbildu ez den jendea erakartzea: "Hemen egiten dugun guztia oso herrikoa da. Zuzeneko musika oso erakargarria da, eta gurea kontzertu interaktiboa izaten ohi da, ez da show bat, baina gertukoa da, asko hitz egiten dugu eta inoiz ez ditugu saioak errepikatzen, beti dira berriak, oso dinamikoa da. Iragan asteburuan, urdaiazpiko bat ere zozkatu genuen! Zer da urdaiazpikoa baino herrikoagoa?".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide