Arabara bidaiatu du Villalacre proiektuak

Erredakzioa 2023ko uzt. 28a, 09:40

Musika klasikoa eta jazza herri txikietara eramateko asmoa musikari gazteen talde autogestionatu batek sustatu du, eta bere ohiko agertokia Villalacren (Burgos) dago.

Araban geldialdia egin du ostegun honetan Villalacre proiektuak, musika klasikoa eta jazza landa eremura eramateko asmoak. Publiko gogotsuaren aurrean, eta lagunarteko formatu txikian, kontzertua eskaini dute Cuatriloko hari laukoteko musikariek, 30eko hamarkadako jazz frantziarraren errepertorioan oinarrituta. Gaubeako Estuliz herrian kokatuta dagoen Caserio Montehermoso landetxearen lorategia aukeratu dute La Noche Encencida (Piztutako gaua) programaren barruko emanaldia egiteko.

Villalacre proiektua musikari gazteen talde autogestionatu batek osatu du, eta bere ohiko agertokia Villalacren (Burgos) dago, Merindadeak eskualdeko herri txiki batean, Gaubeatik ez oso urrun. Bertan, uztaileko eta abuztuko larunbat eta igandeetan jazz saioak antolatzen dituzte, proiektuaren bultzatzaileetako baten, Unai Zelaia biolin jotzailearen, etxean. Bermut saioak eguerdian egiten dira, normalean etxeko egongelan, eta iluntzean  kandelekin apaindutako lorategi batera aldatzen dira. Hortik datorkio Piztutako Gaua izena.

Zuzeneko musikaren eta landa eremuan sorkuntzaren aldeko apustuak arrakasta handia izan du bere lehen urtean, eta iaz 800 pertsona inguru eraman zituzten Villalacrera. Aurten, Villalacren egiten dituzten asteburuko kontzertuekin batera, ostegunetan Merindadeetatik eta inguruko beste herri batzuetatik bidaiatzen dute musikariek, jende gehiagorengana iristeko asmoarekin. Modu horretan iritsi dira ostegunean Estulizko Montehermoso baserriko lorategira.

Villalacreko musikarien emanaldi guztien berri izateko: proyectovillalacre.com webgunean aurkitu daiteke informazioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide