Jesus Sobera, Pobesko batzarreko lehendakaria

"Iberdrolak ez du harrapakina askatu nahi"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko uzt. 22a, 08:00
Jesus Sobera, Pobesko alkatea, herriko parke fotovoltaikoan. Argazkia: E.U/ALEA

Berandu bada ere, Pobesko energia komunitateak aste honetan lotu du sare elektrikora 2022ko hasieratik martxan duen parke fotovoltaikoa.

Autokontsumo energetikoa errealitatea da jada Pobesen. Astelehen honetan, behin azken tramite guztiak amaitu ondoren, herriko lurretan kokatutako parke fotovoltaikoan sortutako energia kontsumitzen hasi dira Pobesko energia komunitateko kideak. Jesus Sobera da egitasmoa sustatu duen Pobesko Batzar Administratiboko lehendakaria, eta, azpimarratu duenez, instalazioa altan emateko eta sare elektrikoan konektatzeko epeak gehiegi luzatu dira, Iberdrolaren erruz.

Bi urte eta gero, sortzen duzuen energia kontsumitzen hasi zarete. Luze joan da.

Bai. Oso gogorra izan da. 2021ean hasi ginen aztertzen energia komunitatea sortzeko aukera; otsailean proiektua esku artean genuen; eta uztailean, batzarra egin zen herrian tokiko komunitate energetikoa zer den azaltzeko eta bazkideak bilatzeko. 2022ko urtarrilean,  instalazioa amaituta zegoen eta martxan jartzeko moduan, baina Iberdrolak gure azpiegitura sarera lotzeko tramiteak gehiegi luzatu ditu, eta astelehen honetan hasi gara, behingoz, ekoizten dugun energia kontsumitzen.

Nola justifikatu du Iberdrolak atzerapena?

Iberdrolak ez du ezer esaten. Momentu batean, Energia Komunitateen Sareak herrietan hainbat arazo sortzen ari zirela ikusirik, Iberdrolarekin hitzarmen moduko bat sinatu zuen, tramiteak arindu ahal izateko. Hori 2022ko uztailean izan zen; irailean jaso nituen nik sarera lotzeko baimen-agiriak, berehala sinatu nituen, eta engantxea ordaindu nuen… Bada, ordutik gaur arte, txikikeriengatik atzeratu da dena: koadro elektrikoari osagairen bat falta zitzaiolako edo Iberdrolako enpresen arteko koordinazio faltagatik…

Arazo berdina izan dute beste komunitate batzuek?

Araban, egoera berean geunden Urarte, Amarita, Erretana, Olabarri eta Pobes, baina badakit, Espainian, Teruelen adibidez, arazoak ere izan dituztela energia komunitate batzuek. Banatzaile handien eskuetan gaude, Iberdola, Endesa, Naturgy…, eta uste dut ahalik eta gehien atzeratu dutela tramitea, harik eta ikusi duten arte ezin zutela gehiago luzatu. Bat-batean iritsi zaizkie tokiko energia komunitate ugariren eskaerak,  gainera, haiek ere ari dira publizitatzen bere energia berdea, eta ez dute harrapakina askatu nahi. Espero dut hurrengoek gure arazo bera ez izatea; Gasteizen, adibidez, martxa onean daude hainbat energia komunitate, Salburun eta Ariznabarran.

"Oso ondo iruditzen zait Ekiola, baina ezin gaituzte behartu horretan egotera"

Arabako Diputazioaren aldetik laguntzarik edo aholkurik jaso al duzue?

Ez. Gure kasuan, hasieratik ikusi nuen Ekiolarekin daudela tematuta. Arazo bat izan dugu aldundiak ematen duen diru laguntza lerro batean, partida bat onartu eta gero, eguraldiagatik ezin izan ditugulako epeak bete, eta ez dute epea luzatzerik onartu. Aholkularitza ere ez digute eskaini, eta Josean Galera Ingurumen diputatuak oso argi utzi du apustua Ekiola dela; EAJko lehengo alkateak ere esan zidan "gauzatxo" hauek ez zaizkiola interesatzen, eta "denbora galtzea" direla. Niri oso ondo iruditzen zait Ekiola, eta kooperatiba gehiago sortzen badira, are hobeto, baina ezin dutena egin da horretan egotera behartu.

Zer inbertsio egin du energia komunitateak azpiegitura fotovoltaikoa martxan jartzeko?

89.496 euroko inbertsioa egin dugu eguzki plaken azpiegitura osoa muntatzeko, lurra egokitzeko eta sarbidea egiteko; eta FEADERek 42.373 euroko diru laguntza eman digu. Guztira, 156 eguzki plaka jarri ditugu, Pobesko Batzar Administratiboak 25 urtez lagatako hiri lurretan, eta modu horretan, 70 kilowatt sortuko ditugu, eta 40 CO2 tona gutxiago bidaliko ditugu atmosferara. Etorkizunean, energia komunitatean kide gehiago izango bagenu aukera izango genuke, gainera, eguzki plaka gehiago jartzeko.

Zenbat kidek osatzen dute Pobesko energia komunitatea?

Pobesko Administrazio Batzarraren kontsumoa dago, Mendi Haran Ur Partzuergoaren zundaketaren kontsumo elektrikoa –Pobes, Anuntzeta, Arbigano, Paul eta Erriberagoitiko udal igerilekuak edateko urez hornitzen dituena–, eta hogeita hiru bizilagunen kontsumo elektrikoa. Independentzia energetikoaren alde egin duten ausart guztiak batzarrera deituko ditugu, hurrengo egunetan, eta kontu guztien berri emango diegu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide