Nekazaria atoidun traktore bat gidatzen ari zen bigarren mailako bide batetik, Iruña Okako kanpoaldean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, traktorearekin istripua izan du eta jasotako kolpearen ondorioz larri zauritu da. Lehen hipotesien arabera, atoia altxatu egin da, eta zubi baten azpitik igarotzean talka egin du.
Bertaratutako larrialdi zerbitzuek azkar jardun duten arren, ezin izan dute ezer egin bere bizitza salbatzeko. Ertzaintzaren hainbat patruila, suhiltzaileak eta anbulantzia medikalizatu bat bertaratu dira, eta bertan artatu dute. Bizkortzeko maniobrak egin dituzten arren, bertan hil egin da gizonezkoa.
Bere gorpua Gasteizko Auzitegi Patologiako Zerbitzura eraman dute, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Miguel Bazan, nekazaria eta alkatea
Noticias de Álava egunkariak argitaratu duenez, hildakoa Jose Miguel Bazan Martinez de Osaba da, 77 urteko patata nekazaria, Martiodako bizilaguna eta kontzejuko administrazio batzarreko alkatea. Halaber, UAGAk azpimarratu du nekazarien sindikatuko afiliatu historikoa zela.
Bere aldetik, Dikerik Ez! Zaia ibaiko dike proiektuaren aurkako plataformak honela gogoratu du Bazan: "Zoritxarrez, atzo borrokalari bat joan zitzaigun, beti Arabako nekazaritzaren alde aktiboki inplikatzen zena. Eta, nola ez, Zaiako Dikearen aurka ere egin zuen. Beti geratuko zaigu zure energia. Doluminak zure familiari. Lurra arina izan dakizula".