Gure bazterrak

Ondarearen bi aldetik bidea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko urt. 16a, 10:00

Txanpon beraren bi aldeak irudikatzen dituzte Barriok eta Nograrok: bi herrien arteko ibilbidean aurkituko ditugu zaharberritutako Mellerako ermita eta erortzeko zorian dagoen Salazar Dorrea. 

Mellerako ermita (Barrio, Gaubea) eta Salazar Dorrea (Nograro, Gaubea) lotzen dituen mendi-ibilbidea zeharkatzea aukera ezinhobea da Gaubeako ondare arkitektonikoaren egoeraz jabetzeko, hamalau kilometro inguruko txangoak txanpon beraren bi aldeak ezagutzeko beta ematen baitute.

Barriotik abiatzen da bidea, Artzena mendilerroaren ekialdean dagoen Mellerako Santa Maria ermitara seinalatzen duen informazio-paneletik, hain zuzen. Herritik hogei minutura eta Carabo haitzaren azpian dago eraikina, guztiz eraberrituta, pinu gorriz inguratutako paraje bakarti batean. Barruan, XVI. mendeko erretaula bat eta zur polikromatuzko ama birjinaren tailu txiki bat daude. Tradizioak dioenez, duela mende batzuk agertu zen taila hori erleek okupatzen zuten harrizko zulo batean. Horregatik, antza, tokiak eta ermitak izen latindarra hartu zuten: mel-mellis. 

Barriotik hogei minutura dago Mellera, Carabo haitzaren azpian

Urtero, eta antzinatik, erromeria egiten da Mellerara. Egun desberdinetan Barrio, Villanañe, Villamaderne eta Espejoko herritarrak hurbiltzen dira bertako zelaietara. Lehen, hamarretakoa bertan egiten zuten, gaur, aldiz, Barrioko tabernan prestatzen dute jatekoa.

Melleraren irudia Andra Mari estilokoa da, gotikoa ziurrenik, baina esku-hartze asko jasan ditu bere historian. Gainera, momenturen batean, Ama Birjina eraldatu eta janzteko-irudi bihurtu zuten. Horretarako, alanbrezko beso batzuk, jatorrizkoak ez ziren esku batzuk eta ilea jarri zizkioten. Alta, 2019an, Barrioko bizilagunek tailuaren egoerarekin kezkaturik, bere zaharberritzea sustatu zuten. Arabako Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuaren eta Petra kooperatibako Yolanda Saiz eta Itziar Viana zaharberritzaileen eskutik, Mellerako Andra Mariarentzat euskarri berezi bat egin zen, eta horren gainean muntatu ziren jantziak, polikromia kaltetu gabe. Zaharberritze lanaren ostean, Barrio herriko ermitara itzuli zuten Andra Mariaren tailua.

Utzitako dorrea

Mellera bisitatu ondoren, atzera egin behar da, eta Nograro herrira doan seinaleztatutako bidea hartu, Erdi Aroan Gaubeako inguruak eta Burgosko ipar-ekialdea menperatzen zituen Salazar leinuaren dorretxera hurbiltzeko. Ermita ez bezala, ia erorita eta sastrakez inguratuta dago Arabako arkitektura zibil-militarraren adibide onenetakoa izan zen Nograroko dorrea. Erabat ahaztuta.

Bailara estu batean kokatuta dago, herria menderatzen duen muino baten gainean. Bere garaian bi zati izan zituen: dorrearen gorputza eta jauregi erantsi bat ipar-ekialdean. Dorreak hamazazpi metroko altuera du eta oraindik almenak, gezileihoak eta garitoiak antzeman daitezke. Seiehun urtetik gorako eraikin hori Calderon, Salazar eta Salcedotarrena izan zen. Fundatzailea Fortun Ortiz de Calderon izan omen zen, Aiarako jaun boteretsuaren seme makurra.

Argazkiak: PHOT.OK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide