Balizko istripu kimiko baten aurrean informazio falta dagoela salatu du Eguzkik

Erredakzioa 2021ko aza. 22a, 17:54

General Quimica enpresa, Lantaronen. AFA

Lantaronen, hilaren 23an, 10:00etan, larrialdi kimikoko sirenak aktibatuko dira. Simulakro horren helburua herritarrak alarma-sistemara ohitzea da, istripu larriak egonez gero etxean konfinatzeko.

Eguzki talde ekologistak gogoratu duenez, Lantaronen, Berantevillan, Rivabellosan eta Miranda Ebron (Burgos, Espainia) enpresa arriskutsuen pilaketa handia dago. "EAEn dozena bat enpresa baino gehiagok larrialdi kimikoko plan bat dute, enpresetatik gertu dauden herrietan eragina izan dezaketen hodei toxikoak zabaldu daitezkeelako. Enpresa horien artean daude General Quimica eta Hexion". Horiek guztiek, legez, sirena-sistema bat izan behar dute, bizilagunak ohartarazteko hodei toxikoa egon daitekeela, eta, horren ondorioz, herritarrei beren etxeetan konfinatzeko gomendioa ematen zaie, aska daitezkeen gasak arnastea saihesteko, gasaren ondorioak oso larriak izan baitaitezke.

Azaroaren 23an, Lantaronen, sirena horiek aktibatuko dira, istripu kimikoaren simulakro bat egiteko. Alta, Eguzkik uste du neurri hori ez dela nahikoa, eta herritarrek babes-neurriak har ditzaten informazio gehiago eskatu du. "Enpresa kimiko baten eragin-eremuan bizi diren gehienek, Lantaron eta Miranda inguruko bailaretan, esaterako, ez dakite zer egin istripuren bat gertatuz gero", ziurtatu du talde ekologistak. Hortaz, Eguzkiren ustez, larrialdietarako planak gehiago zabaldu behar dira, eta dauden enpresa kimikoei buruz kontzientziatu. "Larrialdi-planek industriaren eta inguruko biztanleriaren arteko lankidetza bermatu behar dute, arriskuei buruz eta ezarritako abisu-sistemei buruz informazioa jasotzen ari dela ziurtatzeko, eta istripua gertatuz gero hartu beharreko prozedura ondo ezagutzen dela bermatzeko".

Hartara, Eguzkik proposatu du larrialdietako seinaleen berri emateko kartelak banatzea herrietako etxeetan, horiek atean lotu ahal izateko. Eguzkiren ustez, Lantaron "bolborategi kimiko" bat da, eta balizko istripu kimiko industrial baten aurrean ezinbestekoa da biztanleek ondo ezagutzea zer egin behar duten, hala nola autobabes-neurriak, etxebizitzan konfinatzea, herritik urruntzea edo ebakuazioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide