Lurrazalaren tolestura da antiklinal bat, nukleoaren arrasto zaharrenak erakusten dituen forma geologiko bat. Valderejoko harana antiklinal bat da, mailatutako teilatu baten forma gogoratzen du. Berezia da, iparraldeko zatia –Boveda mendilerroa– hegoaldekoa –Artzenako mendilerroa– baino inklinazio handiagoa duelako, eta ondorioz, teilatu asimetrikoaren antza hartzen du. Antiklinala osatzeko prozesua duela berrehun milioi urte inguru hasi zen.
Prozesu geologikoak ezagutarazteko Geoloegunak antolatzen dira urtero zenbait herrialdetan, gizarteari geologia eta geologoaren lanbidea gerturatu eta azaltzeko. Iragan asteburuan, Valderejon eta Obarenes mendietan azaleratzen diren arrokek nolako geometria duten eta nola sortu diren azaltzeko txangoa egin zuten.
Dozenaka lagun bildu ziren Valderejoko Lahoz herrian larunbatean, eta beste horrenbeste Obarenesko San Millan de San Zadornilen igandean. Arabako eta Burgosko parke naturalak zeharkatzen dituen antiklinalaren berrehun milioi urteko historia ezagutu zuten.
Luis Eguiluz, Josu Junguitu, Fernando Sarrionandia, Andoni Tarriño, Ruth Jimenez eta Alberto Bandres EHUko geologo eta geomorfologoen eskutik egin zituzten txangoak, eta geologia zientziaren inguruan sakontzeaz gainera, geologoen lana eta Valderejo-Sobron antiklinala nola sortu zen ezagutzeko aukera izan zuten mendizaleek.
Lahozetik abiatu ziren lagunek hamabi kilometroko ibilbidea egin zuten, Coronasko bidezidorretik San Lorenzo ermitara, eta ondoren Villamardonesera jaitsi eta Lalastran amaitu zuten. Luis Egiluz geologoak azaldu bezala, balio geomorfologiko handiko lekuak ditu Araba eta Burgos artean dagoen Valderejo-Sobron antiklinalak, nahiz eta alderdi hori gutxi aztertu duten. "Zientzia gaztea da geologia, eta ibilbide luzea du oraindik egiteke", azaldu zuen Egiluzek.
Gainera, geologiaren aurrerabidearekin aldatuz joan dira egitura geologikoen interpretazioak. Valderejoko mapa geologikoa, esate baterako, 80. hamarkadan egin zuten, baina hainbat gauza aldatu dira dagoeneko. Garai horretan ez zegoen egun geologoek dituzten medioak, eta Valderejo aldean landaretza handia dago eta harriak ikusteko zailtasun handiak daude. "Harriak normalean ez dira ikusten, bereziki hemen, eta geologoak hurbildu behar gara harriak ikustera. Asko ibili behar da, eta bota asko apurtu behar ditugu geologoek egiturak aurkitzeko", azaldu zuen Eguiluzek.
Itsaso plataforma
Lalastratik begiratuta, Valderejoko egitura geologiko berezia antzeman daiteke. Erraz ikusten da haran bat dela, alde banatan erliebe jarraitu eta ia erabat malkartsuak dituela eta labarrak osatuta dagoela gehienbat.
Itsaso zabal batek okupatu zuen Valderejo orain dela berrehun milioi urte, eta lurraren indarrek ganga itxurako goragune bat sortu zuten. "Pirinioen amaieran gaude, euskal kantauriko arroan hain zuzen ere. Itsaso plataforma handi bat zegoen hemen, eta orain dela berrehun milioi urte gutxi gorabehera materialekin betetzen hasi zen ingurua".
Valderejoko itxiera periantiklinala Euskal Autonomia Erkidegoan hobekien kontserbatuta dagoenetako bat da.