Zadorrako ibilbide berria oinez zein bizikletaz egin ahal izango da, eta interes handiko guneetatik igaroko da, hala nola Iruña Veleiako arkeologia aztarnategitik, Billoda eta Trespondeko zubietatik, Done Pelaio baselizatik eta Santa Katalinako lorategi botanikotik. Aurrekontua 165.449 eurokoa izango da eta Europak finantzatuko du.
Lehenengo zatian obrak hasi dira jada. Billoda eta Iruña Oka lotuko ditu. Tarte hori 4.744 metro luze izango da, eta hiru adar izango ditu. Hala, bideak aukera emango die txirrindulari zein oinezkoei Garaboko errota, Artadiko dorrea eta Almoreta dorrea ikusteko, Billodako zubi erromatarretik igarota, baita herrian bertan sartzeko ere. Arabako Foru Aldundiak berrogeita hamar haritz autoktono inguru landatuko ditu inguru horretan, eta halaber hainbat argibide eta seinale-taula jartzea aurreikusi dute.
Udarako, erabilgarri
Lehenengo tartea datorren udan erabiltzeko moduan izango da. "Bide berde berri honekin, beste urrats bat egin dugu mugikortasun jasangarri eta ez motorizatuaren alde eta, gainera, jomuga dugu herriak elkarrekin lotzea eta gure lurraldearen oreka sendotzea, gure kultura balioak indartuz", adierazi du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza saileko foru diputatuak. Diputatuak gaineratu du bideak, zalantzarik gabe, "erabiltzaile asko eta asko" izango dituela, txirrindulariak eta oinezkoak.