alea.eus

Uribarri Gaubeako La Sebe presako obra amaitu dute

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-02-10 13:30   Gizartea  Añana  Gaubea

Euskal Autonomia Erkidegoko egurrezko presa bakarra salbatzeko 90.000 euro inbertitu ditu Aldundiak.

 

Uribarri Gaubeako La Sebe presako obra amaitu dute
La Sebe presa konpondu dute. PHOT.OK | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu dira La Sebe Uribarri Gaubeako presa berreskuratzeko lanak. 90.000 euro inbertitu ditu Arabako Foru Aldundiak Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egurrezko presa bakarra berreskuratzeko. 2015eko otsailean Gaubean gertatu ziren euriteen ondorioz ur korronteak zulo handia egin zuen presaren egituran eta oso egoera larrian utzi zuen.

Hiru hilabeteko lanak izan dira, eta orain jatorrizko egurrezko egitura agerian geratu da. Gainera, ibaiertza garbitu dute presaren inguruan eta errekan behera.

Egindako obrari esker presaren egitura finkatzea lortu dute, eta etorkizunean etor daitezkeen uholdeei aurre egiteko moduan izango da antzinako presa.  Aurrera begira, oinarrizko egituren segurtasuna bermatuko da, eta halaber euskal ondarearen aparteko elementuaren inguruan ikerketa eta dokumentazio lana abiatuko du Diputazioak.

XVIII. mendekoa

La Sebe errotaren gunea 1781. urtekoa da, eta 2005ean erregistratu zen lehen aldiz Añanako Kuadrillako ondare arkitektonikoaren inbentario batean. Errotaren presa bereziki deigarria da tipologiagatik eta eraikitzean erabilitako materialengatik, eta 2011. urtean Eusko Jaurlaritzak haren balioa aitortu eta Kultura Intereseko Ondasunen zerrendan monumentu izendatu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan ezagutzen den egurrezko presa bakarra da La Sebe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa