alea.eus

"Ezagutzen ez dudan jendeak etxeko buzoian sartu dizkit orratzak opari"

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-01-20 17:26   Gizartea  Añana  Lantaron

28.500 orratz ditu Olga Zufiaurrek Caicedo-Yusoko bere etxean dotore ordenatuta; 30 urte daramatza gasteiztarrak intsigniak biltzen, eta ziur asko Euskal Herriko bilduma handiena osatzea lortu du. 

 

"Ezagutzen ez dudan jendeak etxeko buzoian sartu dizkit orratzak opari"
Olga Zufiaurrek 28.500 intsignia gordetzen ditu Caicedo-Yuson. | Ikusi handiago | Argazki originala

Caicedo-Yusoko bere etxeko sotoan eta ganbaran 28.500 orratz dotore-dotore sailkatuta eta ordenatuta ditu Olga Zufiaurre gasteiztarrak. Animaliak, herrialdeak, autoak, orratz erlijiosoak, politikoak, kiroletakoak, haurren pertsonaiak... Bilduma ikaragarria da, "Euskal Herriko handiena", esan digu.

Noiz hasi zinen orratzen bilduma egiten? 

Hogeita hamar urte daramatzat orratzak biltzen, alabak dituen urteak hain zuzen. Gasteizko Plaza Berrira eramaten genuen txikitan alaba, eta bertan hasi nintzen lehenbiziko orratzak biltzen; alabari txanoan jartzen nizkion, eta txanoan tokia amaitu zenean, tapiz bat erosi nuen eta bertan jartzen hasi nintzen, eta hura bukatu zenean beste bat erosi behar izan nuen...

Mota zehatz bateko intsigniak biltzen zenituen?

Hasiera batean umeen orratzak biltzen nituen, alabarentzat zirelako, baina gero hasi nintzen Gasteizko intsigniak biltzen, asko gustatzen zitzaizkidalako  eta gasteiztarra naizelako; hortik aurrera interneteko foroetan sartzen nintzen ikusteko jendeak zer zuen; eta hasi nintzen orratz batzuk erosten edo aldatzen. Gaur egun kasik ez dut erosten, aldatzen dut. 

Orratzen bildsam

Zenbat orratz dituzu etxean?

28.500 ditut, bakarrak, agian baten bat errepikatuta dago baina huts egin dudalako izan da. Herriko etxean ditut denak; sotoan ez zaizkidanean sartzen ganbarara igotzen ditut, eta koadroetan sailkatzen ditut; solte ditudanak behean jartzen ditut, bilduma desberdinak osatzen joateko.

Lan handia hartzen duzu. Ez al zara nekatzen?

Ez, ez naiz nekatzen, eta gainera, gustatzen zait jendea bilduma ikustera etortzea. Arratsaldean, neguan, herrira etortzen garenean, orduak eta orduak ematen ditut hemen. Buruhauste bat da, batzuetan txakurren tokia okupatuta dagoelako, eta bat-batean ekartzen dizute beste txakur bat... eta dena mugitu behar duzu txakur hori sartzeko. Hiriak alfabetikoki sailkatzen saiatu nintzen hasieran, baina gero konturatu nintzen ezinezkoa zela, zoratu egiten nintzen. Erlijioaren orratzak ditut, neguko olinpiadarenak, Bartzelona 92koak, guardia zibilarenak, autoak, trenak, motorrak, hiriak, animaliak, Coca-Colarenak, Ipar Irlandako IRAko presoek egin zuten gose grebarenak...

Zein da zure bildumarik handiena?

Ziur asko Mc Donalds-ena da, agian 782 orratz ditut.

Eta gehien maite duzuna?

Euskal Herriko ezkutuaren  puzzle-orratza asko maite dut, eta Gasteizko intsigniak, Alavesenak..., eta Betty Boopenak ere asko  maite ditut.

Gogoratzen al duzu zure lehen orratza?

Minnie edo Mickey Mousen orratzen bat izan daiteke; egia esan ez dut gogoratzen. Orratz gehienak oparitutakoak dira, edozein tokira joaten direnak ekartzen dizkidate, eta senarrak ere oparitu dizkit bilduma batzuk. Gogoratzen dut etxean orratzen koadro batzuk genituela gela batean jarrita, eta leihoa irekita nuenean norbaitek ikusi zituen eta buzoian sartu zizkidan pin batzuk. Jende ezagunak orratzak oparitzen dizkit beti, baina ezertaz ezagutzen ez nauen jendeak ere. Gainera, lehen, Cuetara enpresara, Coca Colara, Danonera edo futbol-klubetara idazten nuen edo telefonoz deitzen nuen orratzak eskatzeko, eta asko bidaltzen zizkidaten. 

Internet aipatu duzu, bide horretatik jaso al dituzu bildumaren orratz gehienak?

Bai. Internet bidez lortu ditut gehienak, foroetan, beste bildumagile batzuekin aldatzen ditut. 

Eta zeintzuk dira gehien baloratzen direnak?

Ez dakit. Agian zuretzat oso inportantea ez den orratz bat beste pertsona batentzat interesgarria izan daiteke. Esate baterako, Forondako aireportuarena edo Katedralarena... hemen oso ikusita daude, baina brasildar bati bidali diot, eta hark Brasilgo aireportuarena eman dit.  Zazpi mila orratz errepikatuta izan ditut, eta aldatu ditut; lau ematen dizkidate eta nik 200 ematen dizkiet trukean.

Orratzen bilduma

Negozioa dago, diru trukea?

Ez, ez. Nik ez nituzke inoiz orratzak salduko, eta alabari esana diot: ez dizut eskatuko jarraitzeko bilketa lanarekin baina ez saldu, mesedez, egin nahi duzuna baina ez saldu kar, kar, kar. Berrogeita hamar lagunekin ibiltzen naiz aldaketak egiten interneten, eta inoiz ez didate ziria sartu; argazkia bidaltzen diogu elkarri eta beti betetzen dugu emandako hitza.

Batzuk erosi behar izan dituzu. Zergatik? 

Gustatzen zitzaizkidalako. Hard Rockenak, adibidez, oso garestiak dira, orratz baten truke bostehun eskatu zizkidaten behin, baina tira kapritxoak dira. Madrilera noa, Hard Rocken sartzen naiz, orratz bat erosten dut eta beste zerbaiti uko egiten diot. 

Horrenbeste orratz dituen beste norbait ezagutu al duzu?

Horrenbeste kantitate dituen bakarrenetakoa naiz;  bazegoen gizon bat Andorran, hotel baten jabea zen, eta nik baino intsignia gehiago zituen, eta hobeagoak, baina Euskal Herrian  ez dut inor ezagutzen ni baino gehiago dituenik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa