alea.eus

Otsoen eta putreen erasoek alarma piztu dute

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2016-11-16 18:00   Gizartea  Añana  Erriberagoitia

Otsoaren urteko lehen erasoa salatu du Kuartangoko abeltzain batek, eta Gineako beste batek txahal bat galdu du sai arreek kolpatu eta jan ostean. 

 

Otsoen eta putreen erasoek alarma piztu dute
Erriberagoitian putreek hildako txahala | Ikusi handiago | Argazki originala

2016ko otsoaren lehendabiziko ustezko erasoa Kuartangon gertatu da. Artzain batek salatu du otsoek sei ardi hil dizkiotela; Erriberagoitian, berriz, Atiega eta Barron artean, sai arreek behi talde bati eraso egin eta txahal txiki bat hil dute, kolpeka. Basabereen erasoek Arabako herrietan lan egiten dutenen bizi kalitatea eta jarduera hankaz gora jarri dituzte, berriz ere.

Maite Cruz Gineako abeltzainak hala berretsi du. "Aurreko astean txahal txikia hil zigutenetik kezkatuta gaude, berriro gertatu daitekeelako; badaezpada bertan genituen txahal txikiak etxetik gertu dugun beste lursail batera eramaten ari gara, babesteko".

 Izan ere, Barronera hurbildu den Arabako Diputazioaren biologoak berretsi duenez, txahala bizirik zegoen hogeita hamar putre talde batek eraso egin zionean. "Kolpeka hil zuten txahala, eta gero jan zuten", azaldu du Cruzek. Biologoak egindako txostenarekin Aldundiaren aurrean kalte-ordainak jasotzeko eskaera aurkeztu du Gineako ganaduzaleak, baina egonezina ez da desagertu: "Komentatu didate beste abeltzain bati antzeko kasu batean 200 euro soilik ordaindu dizkiotela".

Cruzen aburuz, ez da lehenbiziko aldia sai arreek familiaren ganaduari erasotzen diotela. "Behi eroen garaian behi bat eta txahal bat hil ziguten", gogoratu du. Sai arreen populazio handiari eta janari faltari leporatu dio jazotako gertaera. 

850 bikote

Zuzen dago abeltzaina. Gaubean, Sobrongo arroiletan, eta Salbada mendilerroan bizi dira Arabako putreen %70. Azken urteetan hegaztien populazioak gora egin du nabarmen. Hala, 1979. urtean 49 bikote zegoen lurraldean, eta gaur egun 850 bizi dira. Otsoa ez bezala, sai-arrea arriskuan dauden espezieen Espainiako Zerrendan sartu zuten 1990. urtean. Adituen arabera, putrea espezie nekrofagoa da; jateko premia larria duenean baino ez omen die eraso egiten hiltzear edo ahul dauden animaliei.  Haatik, putrearen populazioa gora doan heinean, eta mendietan janaria aurkitzeko zailtasunak handitzen direnean, ganaduari eginiko erasoak maizago ematen dira, baita bizirik dauden abereen kontrakoak ere.

Aldundiko teknikariek bildutako datuen arabera, 2007. urtetik gaur egunera, urtero, batez beste putreen 33 eraso gertatu dira Arabako soroetan. Aipatu zenbatekoa egiaztatutako erasoei buruzkoa da.

Zalaparta gehiago eragiten badute ere, otsoaren erasoen batezbestekoa putreen antzekoa da; 2007. urtetik 33,6 eraso kontatu dituzte herrialdean. Dena dela, putreena ez bezala otsoaren presentzia eta erasoen zenbatekoa oso aldakorrak dira. 2015. urtean 18 espediente zabaldu zituzten, ustez otsoek egindako erasoengatik. Salaketak ikertu ostean, ordea, ebatzi zuten horietatik bi bakarrik izan zirela otsoaren erasoak. 2014. urtean 24 eraso jazo ziren eta 2013an berriz, zazpi. 

Beste alde batetik, azken urteetan adituek egindako behaketa lanen arabera, Araban ez da otsorik bizi, baina mugikortasun handiko haragijaleak direnez, Burgostik Arabara erraz igarotzen dira. Otsoaren kudeaketa egiteko antolatutako batzordearen arabera, azken urteetan neguko otso bakartien eta taldeetan mugitzen diren otsoen kopurua erabat murriztu da; 2011. urtean zazpi otso bakarti eta artalde bat zeuden, eta iaz bi otso antzeman zituzten, neguan, eta artalderik ez. 

Otsoa kudeatzeko plana

Erasoek ganaduzaleen artean sortzen duten ezinegonari eta kexari aurre egiteko,  2010. urtean, eztabaida luzearen ondorioz, Aldundiak Otsoa Kudeatzeko Planaren foru dekretua onartu zuen, "animaliak eragin ditzakeen kalteak txikiagotzeko". Haatik, edukiak ez zituen asetu ganaduzaleen espektatibak ezta ekologisten eskaerak ere, eta kritika ugari jaso zituen bi aldeetatik. 

Dekretuak zenbait neurri jasotzen ditu, besteak beste, otsoak kontrolatzeko, animaliaren kontrako jarduera ilegalak aurre ikusteko eta zigortzeko, eta erasoei aurre egiteko; halaber, ordaindu beharreko kalte-ordainak zerrendatzen ditu. Halaber, Otsoaren Planaren jarraipena egiteko batzordea sortu zuten dekretuarekin batera; aurten bildu da lehenbiziko aldiz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa