Barrongo urtegia gelditzeko lehen urratsa

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko urt. 28a, 20:31

Barrongo urtegia beharrezkoa ez den azpiegitura dela eta egitasmoa gelditzeko urratsak ematen hasiko dira Añana Kuadrillan.

Espejoko gizarte etxean ostegun arratsaldean batzarra egin zuten. 50 lagun baino gehiagok parte hartu zuten. Kaltetuak diren eta ez diren bizilagunak, nekazariak, ordezkari politikoak eta talde ekologisten kideak bertan egon ziren.

 

Arabako urtegi handienetakoa Barron eta Atiega artean eraikitzea erabaki dute Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak. 2014. urtean lurrak ureztatzeko baltsa bat aurreikusita zegoen zonaldean baina iazko abuztuan planak aldatu eta urtegi erraldoi baten obra aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak. 4.000 milioi litro ur bildu, 56 hektarea okupatu eta 182 milioi euro gastatuko dituzte. Hori salatu dute ostegunean Espejoko gizarte etxean bilera irekian bildu ziren Añanako bizilagunak. Gaineratu dute obrak ez diola inolaz ere erantzuten egun Añanan dagoen nekazarien kopuruari ezta beharrei ere.

Urtegiak nekazaritza eta abere lurrak hartuko ditu eta Barrongo nekazarien bizitza eta lana hondatuko ditu. Bestalde Atiegako errepidea uraren azpian geratuko da eta herriaren ondoan urtegiaren 35 metro altuerako horma eraikiko dute. Urtegia eraikitzeko obrak eragin latza izango du oso ingurune natural aberatsean.

Urtegiaren egitasmoaren atzean "ezkutuko interesak" antzematen dituzte Añanako herritarrek eta urarekin negozioa egin nahi dutela uste dute. Gainera nekazarien beharrak erabili nahi dituztela uste dute. Otsailan bigarren batzarra egingo dute eta bitartean Arabako Batzar Nagusietan talde politikoen bitartez informazio gehiago eskuratzen saiatuko dira. Halaber euren oposizioa agertuko dute.

Kaltetutako Barron eta Gineako bizilagunek parte hartu zuten bileran, inguruko nekazariek eta herritarrek baita EAJ, EH Bildu, Podemos eta Irabazi taldeetako ordezkariek ere.

 

 

Erlazionatuak

Barrongo urtegiaren proiektuak piztu du sua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016 urt 27 Añana   Gesaltza-Añana

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago