EAEn "marihuana ekoizteko ahalmen handiena zuen pabiloia" desegin dute Amurrion

Erredakzioa 2024ko mar. 17a, 14:11

Ertzaintzak 45, 40 eta 23 urteko hiru gizon atxilotu ditu operazioan, eta 644 marihuana landare atzeman ditu, bai eta pistola bat eta munizioa ere. Ustez, 11.000 landare ekoizteko obrak egiten ari ziren pabiloian.

Segurtasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez, martxoaren 11n Ertzaintzak EAEn "marihuana ekoizteko ahalmen handiena zuen pabiloia" desegin zuen Amurrion. Laudioko ertzain-etxearen ikerketa 2023ko azaroan hasi zen, Gernika eta Bilboko ertzain-etxeen laguntza izan du, eta 45, 40 eta 23 urteko hiru gizonezkoren atxiloketarekin amaitu da.

Polizia operazioa Amurrioko udal barrutian kokatutako industria pabiloi batean egin du Ertzaintzak, eta bertan bi berotegi gune, bost berotegi independente eta guztira 644 marihuana landare aurkitu dituzte; horrekin, 250.000 euro inguru lor zezaketen legez kanpoko merkatuan. Ustez, gainera, berotegi gehiago instalatzeko eta "gutxienez 11.000 landare" izateko obrak egiten ari ziren bertan.

Bestalde, epailearen baimenarekin, Arabako eta Bizkaiko hiru etxebizitza eta beste bi industria pabiloi miatu dituzte ere. Hiru etxebizitzetan material elektroniko ugari konfiskatu dute, besteak beste, ordenagailu eramangarriak, disko gogorrak, telefono mugikorrak, agiriak, 26.000 euro baino gehiago, pistola bat eta munizioa.

 

Karguekin aske

Ertzaintzaren arabera, atxilotuak Araba eta Bizkaian marihuanaren hazkuntzan eta trafikoan aritzen zen talde kriminal bateko kideak dira. Hortaz, droga trafikoaren eta argindarrarekin iruzur egitearen delituak leporatu dizkiete. Antza denez, atxilotuetako bat elektrizitatean eta iturgintzan "espezialista" zen; beste batek sareen instalazioan "ezagutza aurreratua" zuen; eta hirugarrena landareak zaintzeaz arduratzen zen.

Segurtasun Sailaren arabera, sare kriminalak marihuana landareak indoor hazteko hainbat industria-nabe zituen Araban eta Bizkaian, bai eta polena erauzteko eta kalamuaren deribatuak egiteko materiala zuen. Besteak beste, %60tik gorako THC aktiboa duen rosina (merkatuan gramoak 120 euro inguruko prezioa du) ekoizteko ahalmena zutela dio Ertzaintzak, eta horretarako beharrezkoak diren gailu elektrikoak, bero-ponpak, aireztapen sistemak eta ureztatzeko zein ongarritzeko sistema automatizatuak zituztela, urtean lau eta sei uzta artean biltzeko xedearekin.

Polizia-oharrean azaldu dutenez, eremu malkartsu batean kokatutako nabeak ez zuen inolako merkataritza edo lan jarduerarik, baina hala ere bideozaintza sistema bat zuen perimetroan.

Polizia eginbideak amaituta, martxoaren 13an, hiru atxilotuak Amurrioko Epaitegiaren esku utzi zituzten. Epaileak karguak egotzita aske uzteko agindua eman zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide