Esti Urresolari "keinu" berezia egingo diote aratusteetan

Erredakzioa 2024ko urt. 25a, 17:03
Gaiztakeriak erreko dituzte inauterien amaieran. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Goya sarien gauean, erle erraldoi batez jantziko dute udaletxea, eta gala pantaila erraldoiaz jarraitu ahalko da.

Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak Goya sarietan hamabost izendapen jaso dituela aintzat hartuta, aurten "keinu" berezia egingo diote Laudioko inauterietan.

Otsailaren 9, 10 eta 13an murgilduko da herria jaietan, eta udalak honezkero ezagutzera eman du egitaraua. Ohar batean aurreratu dutenez, otsailaren 10ean Goya sarien gala izango dela kontuan izanik, udalak erle erraldoi batez jantziko du udaletxea. Era berean, sari banaketa zuzenean jarraitzeko pantaila erraldoi bat jarriko dute Alberto Acero plazan.

Ez da norabide berean martxan jarri duten ekimen bakarra. Hala, 20.000 erle baietz erronka abiatu dute. Gonbidatu dituzte herritar guztiak gau horretan txapa, pin edo erle formako beste ezein elementu eroan ditzatela. Besteak beste, ikastetxeetan halakoak egiten lanean ari direla azaldu dute; denda eta tabernetan ere pegatinak banatuko dituzte.

Bestelako jardunei dagokienez, Lezeagako Sorgina desfile nagusiaren aurrean egongo da, eta hilaren 13an, moldatutako ohiturari jarraiki, "omenaldi baten bitartez" gaiztakeriari su emango dio.

Hilaren 9an hasiko dira ospakizunak, txikien kalejirekin eta gazteenei begirako bestelako jarduerekin. Latiorro ikastetxeak, Laudio Ikastolak eta Areta Herri Eskolak parte hartuko dute.

Larunbatean, Herriko Plazan, Kirikiño, Basalarrina eta Sorginlarre elkarteek zein Lamuza Ikastetxeak haurrentzako tailerrak egingo dituzte, eta helduek gero trikipoteoa egingo dute. Lezeagako Sorginak gidatuko du arratsaldeko desfilea, alboan malabaristak, txotxongiloak eta akrobatak lagun izango dituela. Mozorro lehiaketa eta musika izango dituzte ondoren.

Otsailaren 13an, asteartean, haur parkea eta hainbat ikuskizun izango dituzte. Arratsaldean, azkenik, Lezeagako Sorginak "bere magia egingo du gaiztakeria guztia kanpora botatzeko", udalak iragarritakoaren arabera.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide