greba feminista orokorra

Greba feministarekin bat egin dute Aiaraldeko enpresa batzorde ugarik

Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 09:48

Agerraldia egin dute Aiaraldeko Greba Batzordeak eta Mugimendu Feministak asteburuan. Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia zabaldu dute, eta hitzordu nagusiak finkatu dituzte.

Zaintza sektoreko langileen, eskualdeko enpresa batzordeen eta eragile sozialen ordezkaritza zabal batek babestu du azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren deialdia Aiaraldean. Aurkezpena egin dute asteburuan, eta greba deialdira batu diren eskualdeko enpresa batzordeen zerrenda ere egin dute publiko. Tartean dira Amurrioko Udala, Aiarako Kuadrilla, Tubacex, Aiala Vidrio, Vidrala, Guardian, Amurrio Ferrocarril, BM Amurrio-Laudio, Laudio Ikastola, Amurrio Ikastola, Inauxa edo Laudio euskaltegia besteak beste.

Grebako hitzordu nagusiak ere aurkeztu dituzte. 05:00etan abiatuko dituzte lehenengo piketeak Amurrion eta Laudion. Horretarako, Telefonican eta Latiorroko aparkalekuan jarri dituzte, hurrenez hurren, bertaratzeko hitzorduak. Industriagune eta enpresa nagusietan pikete informatiboak egin ostean, goizeko lehenengo mobilizazioak egingo dituzte Amurrion eta Laudion, 11:45ean. Mobilizazio hauekin greba deialdira batzeko zailtasunak dituzten zaintza sektoreko langileei eman nahi diete ikusgarritasuna, greba feministako deitzaileek azaldu dutenez.

Azkenik, eskualdeko manifestazioarekin bukatuko dute eguna. Laudion izango da, eta Herriko plazatik abiatuko da 18:00etan.

Argazkiak: PHOT.OK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide