Gure bazterrak

Okondo, Ganekogortako begiralea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 31a, 06:00

Ingurune ezin ederrago batean kokatuta dago Okondo, eta, Izalde errekari jarraituz, begiratoki natural zoragarriak aurkitu ditzakegu, eta ingurune naturalaz gozatzeko ibilbide ugari egiteko aukera dago. 

Irabien, Villachica, San Roman, Ugalde, Jandiola eta Zudibiarte auzoek osatzen dute Okondo. Bizkaiarekin egiten du muga udalerriak, eta, bertan, nabarmentzekoa da Ganekogorta mendia, ingurune osoko gailurrik altuena baita (999m), eta mendiko punturik garaienean Araba eta Bizkaia arteko muga kokatzen da. Bizkaian zeuden bost "deiadar-mendietako" bat da; beraietatik egiten zuten Gernikako Batzarrerako deia, adar bat joz. Gainera, bertako lurretan gordeta dago historiaurreko kultura ondare aberatsa. 

Nekazaritza, abeltzaintza eta mendien ustiaketa dira jarduera ekonomiko garrantzitsuenak; nahiz eta azken hamarkadetan, enpresa txikiek eta ertainek ere garrantzia hartu duten herriko garapen ekonomikoan. Gainera, inguruko langile askok Kadagua eta Ibaizabal haranetako industrialdeetara jotzen du lanera.

Erlijio-arteari dagokionez, XVIII. mendeko Unzako Andre Mariaren parrokia neoklasikoa gailentzen da, eta handik gertu dago San Bartolome ermita. Halaber, erretaula neoklasiko ederra duen San Prudentzioren eta San Estebanen omenezko ermita dago, baita Otaolako San Sebastian baseliza ere. Azken horrek kanpai bat dauka sarreran eta, kondairen arabera, ekaitzak uxatzen ditu bere soinuarekin.

Arkitektura zibil aberatsa gorde du Okondok:  XV. mendeko Gaztiartu dorretxea, mende bereko Zudibiarte dorrea, La Cuadra jauregia, Puente jauregia, Mendieta jauregia eta Ugarte etxea dira, besteak beste, udalerrian aurkituko ditugun jauregi barrokoak eta landa-etxeak.

Jai ugari egiten dituzte Okondon, baina herriko festa nagusiak abuztuaren 24an ospatzen dituzte. Gainera, inguruko herrietako jende andana erakartzen duen baserritarren azoka bat egiten dute martxoko hirugarren igandean.

Fitxa

Kuadrilla: Aiaraldea.

Udalerria: Okondo.  

Biztanleak: 1.181 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Kondaira batek dio Atxondoko haritzaren inguruan erditzera joaten zirela emakumeak, umeen osasuna bermatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide