alea.eus

"PPren propaganda izan ginen, hauteskundeen atarian"

Anakoz Amenabar 2017-02-09 17:34   Politika  Aiaraldea  Amurrio

Otsailaren 27an epaituko dute Alfredo Remirez 'Erreharria' bere twitter kontuan idatzitako txio batzuengatik; epaiketa salatu eta adierazpen askatasuna eskatzeko jaialdia egingo dute larunbatean Amurrion.

 

"PPren propaganda izan ginen, hauteskundeen atarian"
Armiarma III operazione atxilotu zuten Alfredo Remirez. / A.R | Ikusi handiago | Argazki originala

Araña III operazioan atxilotu zuten Alfredo Remirez amurrioarra, 2015ean. Hilaren 27an epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, sare sozialetan "terrorismoa goratu" duela egotzita. Bi urteko kartzela zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen dute harentzat.   

Nola gogoratzen duzu atxiloketaren momentua? 

Hasieran harrituta, eta gero apur bat beldurtu nintzen, esan zidatenean nortzuk ziren eta nire bila zetozela. Nora eramaten ninduten jakin gabe kotxe batean sartu eta Bilbotik buelta batzuk eman ostean agertu ginen La Salveko kuartelean. 

Halakorik espero zenuen, aurreko sarekadak ikusita?

Egia da beste jende bat atxilotuta ikusten duzunean burutik pasatzen zaizula, baina uste duzu ez zaizula inoiz gertatuko.

Mehatxua salatu zenuen aurretik, ezta?

Halako zerbait. Behin gaztetxe bat desalojatzen ari zirela ertzain bat gerturatu zitzaidan eta esan zidan potroetaraino zeudela nire argazkiekin. "Ikusiko duzu Mozal Legearekin...", esan zidan.

Zure atxiloketa beste testuinguru zabalago batean kokatzen duzu? 

Bai, argi eta garbi. Kontuan izan behar dugu bi egun lehenago izan zela Gasteizko Harresia, horrek izan zuen oihartzun sozial eta mediatikoarekin. Gainera, gurea izan zen astearte batean eta justu igande hartan izan behar ziren hauteskundeak. Uste dut PPren propaganda izan ginela, hauteskunde atarian.

Sententziari begira, zer espero duzu?

Egia esan, badakit ez naizela garbi aterako, hori ziur. Azkeneko sententziak ikusita, gainera, beldur apur bat ematen du: Andeka Jurado, Cesar Strawberry, Jonbi... Ugari pasa dira eta denei erori zaizkie marroiak...  

Operazio hartan atxilotutako guztiak sumario desberdinetan epaituko zaituztete. Zergatik uste duzu izan dela ezohiko prozedura hori? 

Errepresioak ere ikasten du gure erantzunengatik, eta beraiek ikusi dute nola herri harresiak eta beste dinamika batzuk sortzen diren halako kasuetan. Egin dutena da sumario desberdinetan jarri, horrela indar gutxiago egin ahal izateko, erantzuna zailagoa izateko. 

Zein izango da zure defentsa? Zabala izan daiteke mezuen interpretazioa.

Nik, esate baterako, preso bat etxera bueltatzen denean, kondena osoa bete ostean, poztasuna eta bakerako pausoak ikusten ditut, eta beste batzuek, berriz, horretan ikusten dute terrorismoa goraipatzen dudala [besteak beste, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohiaren ongietorrian idatzitako txio batengatik leporatzen diote terrorismoa goratzea]. Horiek dira errelatoaren bi aldeak, eta beti gertatzen da berdin. Eta nor sartzen dute sare horretan? Ikusten dut bakarrik ezkertiarrak eramaten dituztela; Mozal Legearekin ikusi dugu Argiako Axiri nola zigortu duten, Ahotsa-ren kontrako prozedura ere badago, La Haineko kazetariaren kasua... Nirea ez da kasu bakarra.

Mozal Legeak zer esan nahi du zuretzat?

Niri tokatu zaidan adierazpen askatasunaren kontrako lege bat da. Nola da posible nik ikustea polizia bat pertsona bat jipoitzen ari dela,  nik grabatzea, eta horretan dagoen delitu bakarra nik grabatzea izatea? Ez da posible. Horrekin lortzen dutena da euren inpunitatea, beraien kamarak bakarrik egotea, beraien kontakizuna egotea eta gurea ez egotea. 

Twitterren jarraitzen duzu, baina nola aldatu da?

Orain askoz tentuago ibiltzen naiz, eta saiatzen naiz gai batzuetaz ez hitz egiten. Pozten naiz oraindik edonor kartzelatik etxera bueltatzen denean, baina orain ez dut aipatzen.

Aste honetan idatzi duzu: "Pentsatzea twitterren idatzi beharrean Tarajaleko uretan den jendeari tiro egin izan banio ez nukeela inolako marroirik izango... hotzikara sortzen dit pentsatzeak".

Eta askotan pentsatzen dut, baina ni bakarrik konturatzen ote naiz honetaz? Hainbat adibide daude. Duela gutxi harrapatu zituzten nazi batzuk granada-jaurtigailuekin, pistolekin, labanekin... kristoren  zulo batekin. Eta ez dira barrura sartuko, are gehiago, armak bueltatu dizkiete. Nik arma bakarra neukan eta kendu zidaten: nire mobila. Uste dut diferentzia nabarmena dela. Eta hau ikusita, zer nolako justizia espero dudan?

Sare sozialei dagokienez, mugarik jarri behar dela uste duzu? Non jarri behar da muga hori?

Nik gustatzen ez zaizkidan gauza asko irakurtzen ditut; alde batetik, askatasun osoa ematen diot idazten duenari, baina, aldi berean, askatasun berdina nahi dut horri erantzuteko. Hitzek mindu dezakete baina ez dute inor hiltzen. Eztabaida zaila da, baina ikusten ari gara adierazpen askatasun eza beti berdinek pairatzen dutela. Zer da etikoa? zer da umore txuria, beltza? Nik dakidana da estatu españolak jartzen dituen mugak oso zorrotzak direla, eta atzeraka goazela. Guk gaztetan beti entzuten genuen Hala Bedi irratiko Una hora tarde programa eta gaur egun ezinezkoa litzateke hori emititzea.

Elkartasun eguna, 11n

Alfredo Remirezi babesa emateko, AlFREEdo izeneko jaia antolatu dute Amurrion, larunbatean. 12:00etan, argazki masiboa egingo dute herriko plazan. Trikipoteoaren ostean, bazkaria egingo dute Matiasen, eta manifestazioa izango da arratsaldean, 18:30ean, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Gaztetxean emango diote amaiera egunari hainbat kontzerturekin, 22:00etatik aurrera; Izatefaltsua, Kimosz, Lahaine121 eta Suaia igoko dira oholtzara, besteak beste.

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa