Aurreiritzirik gabe bisitatu behar da Teresa Lafraguak antolatu duen jaiotzen erakusketa. Izan ere, Xabier Santxotenaren eskultura erraldoien tokia okupatu dutenak ohiko jaiotza tradizionalak baino gehiago, pieza artistiko-etnografikoak dira. "1.827 jaiotza ditugu erakusketa honetan; duela 18 urte hasi ginen lan honekin, jaiotzak jartzeko ohitura berreskuratzearren; etnografia, komunitate baten bizipenak eta ofizioak erakusteko bidea bezala", azaldu du Lafraguak.
Bisitak ostiraletik igandera egiten dituzte, goizez 11:00etatik 13:30ak arte, eta arratsaldez 16:00etatik 19:00ak arte. Erakusketa urtarrilaren 31an itxiko dute.