Euskararen Eguna 2016

"Baikorrak bagara ere, lan asko geratzen da egiteko"

Naiara Lpz de Uralde 2016ko abe. 5a, 10:06
Aitziber Alava Zurimendi Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluan langilea da. | Alea

Aitziber Alava Zurimendi, kontseiluko langilea Euskara sustatzeko asmoz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak pasa den otsailetik darama eskualde mailan hainbat kanpaina egiten. 

 

Zenbat kolektibok hartzen duzue parte kontseilu honetan?

Guztira, inguruko ikastetxe, kirol eta kultur-elkarte, sindikatu eta euskara bultzatzen duten erakundeen artean 43 kide gara. Horietatik seik bazkide dira, eta hauek, nahi duten diru kopuruaren ekarpena egiteaz gain, kontseiluan aktiboki parte hartu behar dute. 

Zein da kontseiluaren funtzionamendua?

Kide guztiak urtean hirutan elkartzen gara batzar orokorretan. Hala ere, esku artean ditugun kontuak antolatzeko 10 pertsonez osaturiko lan taldeak daude, eta horiek maizago elkartzen dira. 

Zeintzuk dira orain arte aurrera eraman dituzuen egitasmo nagusienak?

Hasieran, eskualde mailan gure burua ezagutarazteko sentzibilizazio kanpaina bat egin genuen. Gero, jaietan jendea euskaraz egitera animatzeko pegatina batzuk egin genituen, eta azaroan, Aiaraldeko Euskararen Agenda sortzen hasi ginen. Orain, ordea, Euskararen Eguneko ekitaldiaren azken prestaketa lanetan gabiltza. 

Eta zer da egun horretarako prestatu duzuena?

Larunbatean, Amurrion elkartuko gara flashmob bat grabatzeko, eta ekitaldi horretara jendea konpromiso batekin gerturatzea nahi dugu. Hau da, haize errota batzuk banatu ditugu parte hartzaileek bertan euskararekiko hartzen dituzten konpromiso betegarriak idatzi dezaten. Horretaz gain, abenduaren 29rako, jardunaldi berezi bat antolatzen ari gara, hitzaldiekin, hausnarketekin edota aurrerantzean eramango dugun estrategia zein izango den adosteko. 

Zein da egun euskarak Aiaraldean bizi duen egoera?

Gure ingurua erdalduna da, baina egia da Aiaraldea Komunikazio Leihoak egindako lanak euskarari bultzada handia eman diola. Hortaz, zentzu horretan baikorrak gara, baina badakigu oraindik lan asko geratzen dela egiteko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide