Kulturaren plaza izan da Aiaraldea, astebetez

Erredakzioa 2016ko mai. 30a, 13:00

Jalgiren egun handia ospatu zuten larunbatean Laudion.

Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa ospatu dute Aiaraldean; joan den astelehenean hasi eta larunbata bitarte hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan. Astebeteko egitarauari bukaera emateko, egun handia ospatu zuten larunbatean Laudion.

Goizetik gauera, antzerkia, dantza, haurrentzako ikuskizunak eta musika emanaldiak izan ziren Aiaraldeko hiriburuan. Gaueko kontzertuetan, Odei Barroso eta Iñaki Viñaspre, Uluka, Gorka Urbizu, Agustin Alkhat, Hesian, Anari eta Garilak 26 igo ziren oholtzara.

Euskal sortzaileak zertan ari diren erakutsi nahi izan dute antolatzaileek, "kulturgintza osoaren mapa bat eskaini", talde sustatzaileko Gotzon Barandiaranek Aleari azaldu dionez. Izan ere, hainbat gabezia antzeman dituzte euskarazko kultur ekoizpenari lotuta eta horietatik, bi aukeratu dituzte aurten: komunikazioa eta transmisioa. Horien inguruan proposamen zehatzak mahai-gaineratu eta datorren urtebetean zehar jorratu nahi dituzte eragile gehiagorekin batera, "guztion artean euskal sorkuntzaren aldeko estrategia komun bat abiatzeko". 

Euskal kulturaren plaza ibiltariak Aiaraldea utzi eta beste txoko bat bilatuko du hurrengo urtean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago