Araba Euskaraz 2018

"Ez dago ikastola eta euskara bultzatzeko borondaterik"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko eka. 14a, 19:00
Pilar Ansotegi, Gutxisolo elkarteko kidea. ARGAZKIPRESS

Pilar Ansotegi Gutxisolo elkarteko kideak uste du trebiñarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatu ordez, "gozokiak" ematen dizkietela, "isilik egoteko".

Ezkor hitz egin du Pilar Ansotegi Gutxisolo elkarteko kideak euskararen eta euskalgintzaren egoerari buruz eta etorkizunaren inguruan. Aurrera egin beharrean atzera egiten ari dela uste du. 

Garrantzitsua izan da Argantzunen ikastola egotea?

Ondo dago ez dagoelako beste aukerarik; gainera ikastola txikia da, gertukoa… baina nahiago nuke sare publikoan egotea.

Zaila dirudi hori lortzea.

Ez dakit zaila den, argi dago ez dagoela borondate politikorik aurrera egiteko. Atzerantz goazela dirudi. 

Konpromiso handiagoa behar da?

Ikastola ireki zenean sekulako pausua zela uste genuen, baina geroztik ikusi dut adabaki bat dela, ez dagoela benetako konpromisoa Trebiñurekin, ez euskararekin ez bizi dugun egoera orokorrarekin ere. Hortxe daude irakasleak kobratu gabe, ikastola errekurtsorik gabe. Orain Manzanosera joan beharko da ikastola, Araba delako, eta hemen ez dutelako laguntzarik topatu. Etorriko dira igandean guztiak eta esango dute oso proiektu polita dela eta bultzatuko dutela, eta astelehenean ahaztuko dute esandako guztia, beti bezala.

Baikor izateko arrazoi gutxi ikusten dituzu?

Noizean behin gozoki bat ematen digute isiltzeko, eta listo. Pasatzen da denbora eta berdin gaude. Gu egoera salatzen ibiliko gara, baina azkenean urte asko daramagu borrokan, eta ni behintzat nekatuta nago. Beti egon behar gara eskaleak bezala, dirua eskatzen, bai Gutxisolo elkartetik, bai gurasoen elkartetik… duintasun pixka bat nahi dugu. 

Gutxisolo elkartea aipatu duzu; zein da egungo egoera? 

Desagertzear gaude. Elkarte bezala ez dugu ia ezer egiten.

Zer gertatu da? 

Trebiñun ez dago aukera dirua lortzeko, eta dirurik gabe ezin dira euskara sustatzeko eta kaleratzeko ekitaldiak antolatu. Udalak beti eman digu diru-laguntza finko bat; Burgosen ere eskatzen genuen baina ez ziguten ematen, eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza lortzeko tramite gehiegi egin behar genituen. Traba asko jarri zizkiguten, gero eta betebehar gehiago eskatzen zizkiguten edozein gauza antolatzeko: memoria potolo bat aurkeztu behar zen urte hasieran, abenduan zuriketa egin…, eta denborarekin nekatu ginen eta erabaki genuen uztea.

Zaila ikusten duzu aurrera jarraitzea?

Gauza batzuk dirurik gabe egin daitezke, baina orokorrean gauzak mugitzeko baliabideak behar dituzu; erdaraz egiten diren gauza gehienak doan dira, eta guk ezin dugu dena ordainduta antolatu, lagunduta egon behar da. Hogei urte eman ditugu euskararen alde lan egiten, gure lana orain arte izan da euskara kaleratzea, eta hori egiteko ekitaldiak egin behar dituzu; ikuskizunak eginez gero jendeak euskara entzuten du kalean, eta gurasoak animatzen dira, ikusten dutelako umeak euskaraz hitz egiten. Giro hori sortzeko ekitaldiak egin behar dira eta horiek egiteko dirua behar da. Guk eskatu genuen lan burokratiko hori erraztea, baina ez dute nahi izan, memoria egitera behartzen gintuzten eta hori oso zaila da elkarte txiki batentzat. Azkenean Topagunea eta lau elkarte handi geratuko dira, eta haiek kudeatuko dute saltsa guztia.

Eta zertan geratzen da herrietako euskara elkarteen lana?

Ez dakit. Agian beste era batean egin beharko da. Nire ustez, oso garrantzitsua da elkarte txikiek egiten dugun lana, baina  indarrik gabe geratu gara; jende berria behar da, gogoarekin.

Erreleborik ikusten al duzu?

Orain gaztetxo batzuk daude eta ematen du prest daudela lan egiteko, baina oso gazteak dira, ikasten ari dira, eta ez dute denbora gehiegi. Konpromiso handia hartu behar da euskararen aldeko ekimenak antolatzeko eta euskara sustatzeko; gu astero biltzen gara.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide