Eguzki-erlojuen paradisuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko aza. 21a, 12:53
Argoteko eguzki-erloju bat

Espainiako estatuan eguzki-erloju gehien dituen zonaldea da Trebiñu; ehundik gora deskubritu dituzte azken urteetan, XII. eta XVIII. mendeen artean eraikitakoak dira.

 

XII. eta XVIII. mendeen artean eraiki zituzten eguzki-erlojuen paradisua Trebiñun dago, Kuadrillak hartzen dituen 200 kilometro koadroetan ehundik gora eguzki-erloju zenbatu baitituzte. Gehienak elizetako hormetan itsatsita daude, baita elizgizonen etxeetan ere; iturrietan eta mugarrietan ere agertu dira bakar batzuk.

Arabako Eguzki-Erlojuen Lagunak taldearen arabera, Espainiako estatuan eguzki-erloju gehien dituen zonaldea da Trebiñu –bi erloju ditu kilometro koadroko–. Herrialdeen sailkapenari dagokionez, Mallorca da erloju gehien dituen lurraldea eta Araba bigarren lekuan dago, 236 erlojurekin –16 erloju daude kilometro koadro bakoitzeko–. 

Trebiñuko eta Arabako eguzki-erlojuen azterketa bereziaren egilea Pedro Novella da, irakaslea eta eguzki-erlojuetan aditua. Urteak daramatza Novellak Trebiñuko eta gainerako Arabako herrietako paretetan landutako eguzki-erlojuak bilatzen eta sailkatzen. 

Erlojuaren elementuak

Eguzki-erloju batek oinarrizko bi elementu ditu: hagatxo bat gnomon izenekoa eta orduak markatzen diren lerro batzuk. Erloju guztiak desberdinak dira, bakoitza kokatuko den tokiaren arabera kalkulatu behar baita, hain zuzen tokiaren latitudea eta paretaren inklinazioa kontuan hartuta.

Erdi Aroan, denbora neurtzeko, hagatxoak eta ordu kanonikoak erabiltzen zituzten; erromatarren denboraren banaketa kontuan hartzen zuten batetik, eta eliza katolikoaren liturgia oinarri zuten bestetik (prima, tertzia, sesta, nona, eta bezperak). Erloju kanonikoak Europako monasterio guztietan erabili zituzten, baita eliza erromanikoetan ere. Aldiz, XVI. mendetik aurrera denboraren banaketa modernoa egiten hasi ziren, eta horren arabera eraiki zituzten eguzki-erlojuak. 

Trebiñuko eta Argantzungo elizetan aro ezberdinetako erloju ereduak aurkit daitezke eta askotan eraikin berdinean garai ezberdinetako eguzki-erlojuak ikus daitezke. Hala, Trebiñuko San Pedro elizan, esate baterako, 1725. urtean eraikitako eguzki-erloju bat dago, eta beste hiru, berriz, XVI. mendekoak dira. Argote herrian, bestalde, bi aro ezberdineko erloju dituzte  elizan. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide