Udalekuak prest dituzte Trebiñun eta Argantzunen

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 12a, 15:57
Tailerrak egingo dituzte udalekuetan

Umeek udalekuetan parte hartzeko aukera bikoitza eskainiko dute aurten Trebiñun. Konderrian udaletik antolatzen dira eta Argantzunen Txingoka elkarteak antolatzen ditu, udalaren eta ikastolaren laguntzarekin.

 

'Udan hazi, Udan uztartu' udalekuak abian jarriko dituzte Trebiñuko Konderrian. Udalak argitu duenez asmo garbia eta zehatza dute: "Batetik, familia bizimodua eta lana elkar uztartzea, eta bestetik, 3-12 urte bitarteko haurrei hezkuntzan oinarritu eskaintza ludikoa eskaintzea". Seme-alaben izenak eman nahi dituzten gurasoek udaletxera jo beharko dute, goizeko ordutegian –09:00etatik 14:00etara–, eta eskaera orria bete. Udalekua euskaraz eta gaztelaniaz izango da.

Udan uztartu programa goizeko 08:00etatik 15:30era garatuko da. Programa honetan parte hartzen duten haurrek instalazioetan jateko aukera izango dute. Bi aukera izango dira, etxetik eramandakoaren bidez jatea edo catering zerbitzuaren bidez.  Udalak ohartarazi duenez,  azken hau ez dago ziurtatzerik harik eta izena emateko epea amaitu arte, eskaeraren arabera izango baita. Catering zerbitzua izatekotan bere kostua aparte ordaindu beharko da.  Bestalde, Udan hazi programa 10:00etatik 14:00etara izango da.

Argantzunen, berriz, Txingoka kultur elkarteak antolatzen ditu udalekuak Argantzon ikastolaren eta Argantzungo Udalaren laguntzari esker. Kanpamentuetan erabilitako hizkuntza euskara izango da, beraz, umeek hizkuntza ezagutzea ezinbesteko baldintza da. Jarduera hau lau eta hamar urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Ordutegia 08:30etik 15:30era bitartekoa da, eta aukerako catering zerbitzua eskainiko da.

Udaleku hauen helburu orokorra garbia da: "Udarako alternatiba ludikoa eta hezigarria eskaintzeaz gain, umeak euskara hutsean jolastu eta bizi ahal izatea. Gainera, ingurune erdaldunetan bizi diren zenbait txikiren kasuan, udalekuak laguntza handia emango die irailean hasi beharreko ikasturte berriari begira". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide