Abiadura, trebetasuna eta erresistentzia fisikoa eta psikologikoa probatu beharko dute larunbatean Argantzungo XII. Raid Hipikoan parte hartzen duten zaldiek eta zaldikoek. Proba gaindituz gero Espainiako Estatuko eta Nazioarteko txapelketatan parte hartzeko aukera izanen dute kirolariek. Arbe klub hipikoak eta Argantzungo zaldi guneak antolatu dute lasterketa, eta Roberto Campo Argantzungo zaldi elkarteko kideak azaldu duenez, 60tik gora lagunek izena eman dute antolatu diren lau kategorietan. "Gehienak kanpokoak dira, Madriletik, Galiziatik edo Kataluniatik etorritako zaldikoak. Bestalde, zortzi epailek eta lau albaitarik zainduko dute probak nazioarteko arauak betetzen dituela", esan du Campok.
Lehen zaldi lasterketa 09:00etan hasiko da eta azkena 10:30ean. Guztiak Argantzunetik abiatuko dira, hain zuzen ibaiaren ondoan dauden landetatik. Lehenbiziko bi probak zaldi eta zaldiko berriei zuzenduta daude, eta hurrenez hurren 40 eta 60 kilometro egin beharko dituzte kirolariek. Argantzun, Trebiñu, Pangua, eta Añastro zeharkatuko dute.
Hirugarren eta laugarren probek estatu mailan eta nazioarte mailan konpetitzeko aukera ematen dute. Bietan 80 kilometro egin beharko dituzte zaldiek eta zaldikoek, Argantzun, Estavillo, Armiñon, Tuyo, eta Antezana de la Ribera herriak igaroko dituzte.