Trebiñuk Arabara batzeko beste saiakera bat egingo du

Erredakzioa 2016ko mar. 9a, 11:40
Arabako Alea

Udal talde politiko guztiak, PP salbu, proposamenaren alde agertu dira. Eusko Legebiltzarrak bideratutako Lege Organikoa eramango dute Espainiako Kongresura.

Trebiñuk Arabara batzeko beste saiakera bati ekingo dio. Hala erabaki zuten atzoko Trebiñuko Udaleko osoko bilkuran eta  horretarako, Eusko Legebiltzarrak bideratutako Lege Organikoa eramango dute Espainiako Kongresura, bertan eztabaidatua eta onartu izan dadin.

Udaleko talde politiko guztiak (CDC, AEICT eta CPT elkarte independenteak, EAJ eta EH Bildu), agertu dira proposamenaren alde, PP izan ezik;  hain zuzen, udaleko bederatzi zinegotzietatik  zazpik bozkatu zuten ekimenaren alde; PPren bi zinegotzietatik batek kontrako botoa eman zuen, eta bestea ez zen bileran egon.

Honako hau Trebiñuk Arabara batzeko egiten duen bigarren saiakera izango litzateke, 2014an antzeko saialdia egin baitzuten. Orduan, Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen legebiltzarrak proposatutako lege egitasmo hori.

Udaleko bozeramaile eta AEICT talde independenteko kide Ignacio Portillak oraingoan emaitza bestelakoa izango den "itxaropen osoa" du, Kongresuko argazkia aldatu egin delako.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin, dagoeneko, harremanetan jarri da Trebiñuko Udala eta gehienak lege proposamena Kongresura berriro igortzearen alde agertu direla adierazi dute.

Atzoko bileran, Burgosko eta Gaztela Leongo gobernuei presio egiteko beste bide bat adostu zuten. EAEk Trebiñuri eskaintzen dizkion zerbitzuen hitzarmenak iraungitzen utziko dituztela iragarri dute, ondorioak agerian uzteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide