alea.eus

Arluzea: ekaitzen lekuko

ESTITXU UGARTE LOPEZ DE ARKAUTE 2018-06-01 18:00   Kultura  Mendialdea  Bernedo

Izkiko Parke Naturalaren magalean kokatuta, urak inguratutako herria da Arluzea: errekek eta ur-jauzi txikiek antzinako irin-errotaren bidea zipriztintzen dute.

Arluzea: ekaitzen lekuko
Erdi Aroan garrantzi handikoa izan zen Arluzea. PHOT.OK | Ikusi handiago | Argazki originala

Haran batean kokatuta dago Arluzea, Izkiko Parke Naturalaren magalean, eta San Justi eta San Kristobal gailurren itzalean. Herriko eremuan oso ezaguna den Kapildui mendia dago. 2005. urtean Euskalmetek atmosferaren egoera aztertzeko radarra jarri zuen mendi horretan; egun Euskal Herrian zein motako eguraldia egingo duen iragartzen du tresna horrek, eta gainera horri esker premiazko neurriak garaiz har daitezke uholde bat edo ekaitz gogor bat hurbilduz gero.

Mendien itzalpean egoteagatik, urak inguratzen du herria, eta antzinako irin-errotaren bidea hartuz gero, inguruan dauden errekak eta ur-jauzi txikiak ikusteko parada dago. Gainera, sakan eder bat zeharkatzen du errotarrien bideak, pagadi handiaren barruan murgildurik.
Izkiko parke naturalaren bi bideak Arluzean hasi edo amaitzen dira, Arluzeatik El Raso eremura doan Txarabitana zidorra, eta Apinaizetik Arluzeara doan El Cartero zidorra, hurrenez hurren.  Hagin handiak ikusi daitezke bi bide hauetan, eta inguruko mendirik ezagunenak zapaltzeko aukera ere badago.

Erdi Aroan garrantzi handikoa izan zen Arluzea, eskualdeen arteko muga baita. Nafarroako eta Gaztelako erregeek arma-plaza egin zuten herria, gotorleku bat eraikiz. 1201. urtean pasatu zen Nafarroako erresumaren eskuetatik Gaztelako Alfonso VII. erregearen eskuetara. Ondoren, XVI. mendean Pedro de Gauna jaunaren Jaurerria bilakatu zen, eta XVIII. mendearen bukaeran Jose Joaquin Salazar jaunarena izatera pasa zen.

Arluzea herriko etxe gehienak harlanduz eginak dira, eta San Martinen ohoretan eraikitako elizaren inguruan kokatzen dira. San Martin arroka biziaren gainean eraikita dago, Onsalunako harri puska handiaren oinetan hain zuen. 2004an, Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin. Herriaren erdian aska dago, eta ura iturritik  harrizko hiru eraztunetan kokatzen den oin zirkularreraino isurtzen da.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa