Gaixorik dago Santa Teodosiako lizar berezia

Mirian Biteri 2017ko mai. 4a, 09:33
Egilea: Javier Lopez de Luzuriaga

Diputazioko Ingurumen saila aztertzen dabil zuhaitza salbatzeko hartu beharreko neurriak.

Otsailean izandako haizeteek Haranako Santa Teodosia ingurunean dagoen lizar bereziaren adar nagusietako bat puskatu zuten.  Zuhaitza aztertu ostean, jakin berri da gaixorik dagoela eta premiazkoa dela neurriak hartzea.

Ez da edozein lizar Santa Teodosia ermita ondoan dagoena. Jaurlaritzak 1995eko maiatzaren 16an izendatu zuen Arabako zuhaitz berezi bere tamainagatik: 23,8 metroko altuera du, 18 metroko adaburua eta bere zirkunferentzia 5,5 metrokoa da; lau lagun behar dira inguratzeko. Baselizaren goialdeko basotxoan dago, tamaina eta adin ezberdinetako 13 lizarrez inguratuta.

Haranan, arduratuta

Haranako Udaleko alkate eta Santa Teodosia kofradiako presidente Pedro San Vicentek onartu du kezkatuta daudela. Adarra apurtu zenean, Done Bikendi Haranako Administrazio Batzordeko presidentearekin berba egin zuela eta Javier Morillas basozainari gertatutakoaren berri eman zitzaiola gogorazi du. Bera arduratu zen Diputazioko Ingurumen sailari abisua emateaz.

Esan bezala, zuhaitza aztertzen ibili dira departamentu horretako teknikariak, eta, gaixo dagoela ondorioztatu dute. "Hartu beharreko neurriak aztertzen dabiltza orain; ez da erraza, zuhaitz berezia da eta", aipatu du San Vicentek. Horrekin batera, gogorarazi du baseliza ondoan dagoela eta "ezinbestekoa" dela lizarra egonkortzea: "Alde horretara jausi ezkero, handiak izango lirateke kalteak", ohartarazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide