"Azken urteotako euskararen erabilera izugarria izan da Mendialdean"

Mirian Biteri 2016ko uzt. 7a, 10:04

Larunbatean, uztailak 9, Mendialdeko Euskararen Eguna egingo dute Antoñanan. Antolatzaile lanetan ari den Esther Eizagaetxeberria Uriguenek jaialdiaren berri eman eta euskararen osasunaz egin du berba.

Zazpigarrenez ospatuko da larunbatean Mendialdeko Euskararen Eguna. Antoñanak hartu du lekukoa aurten.
Hala da. Azken urteotan beste hainbat herritan izan da, eta aurten Antoñanara ekartzea erabaki zuten; lehenengo aldia da bertan egiten dela. Euskararen Eguna antolatzen duen taldea kontaktuan jarri  zen eta bertako batzuk antolaketa lanetan parte-hartzera animatu ginen. Eta horretan gabiltza.

Mendialdeko Euskararen Eguna baldin bada ere, Nafarroako mugan dauden herrietan ere egin izan da ezta?
Bai. Iaz, esaterako, Zuñigan egin zen Mendialdeko Euskararen Eguna. Eskualde berezia da gurea, Nafarroa hurbil dugulako. Hango umeak Santikurutze Kanpezura datoz ikastera eta, hortaz, oso harreman estua dugu.

Egitarauari dagokionez, badago berrikuntzarik?
Antzekoa da. Goizean herritik hurbil dagoen ingurune ederra bisitatuko dugu; familian egiteko aproposa da txango hori. Jarraian, Antoñanako gazteek antolatutako jolasak izango dituzte haurrek. Inguruko txistulariak, bitartean, herriko kaleak alaitzeaz arduratuko dira. Arratsaldetik aurrera, musika, dantza plaza eta horrelakoak izango dira. Bestalde, jatekoa eta edatekoa ez da egun osoan faltako.

Jatekoa aipatu duzu. Oker ez banago, herri bazkaria ere izango da ezta?
Bai. Beste urteetako joerari erreparatuz gero, 100 eta 150 lagun inguru elkartuko gara herri bazkarian. Menua aurreratu dezaket dagoeneko: makarroiak, entsalada, okela gisatua eta esnekiak. Gauean ere, dantzaldian gauden bitartean, egongo da non jan. Txosna jarriko dugu, eta bokatak eskainiko ditugu. Hitzordu batean zein bestean eskertzekoa da herriko Fernando Saez de Jauregik egingo duen lana. Antoñanan egiten diren bazkari erraldoiak prestatzeaz arduratzen da beti, eta oraingoan ere ez du hutsik egingo.

Salgai daude herri bazkarirako sarrerak?
Bai. Lehenago erosten dutenen artean, helduen txartelak 15 euroan daude salgai, eta, 12 urtetik beherakoentzat, 8 euroan. Egunean bertan erosiz gero, 17 eta 10 euroan ordainduko dira.

Bestalde, nolakoa da euskararen osasuna Mendialdean?
Azken urteotako bilakaera izugarria izan da. Ni ez naiz hemengoa, baina urte asko daramatzat bertan. Ikastola da ardatza, baita euskalgintzan lanean diharduen jendea ere, egin duen lana itzela baita. Gure ume guztiak euskaldunak dira. Orain entzun daiteke euskara, orain dela hamar bat urte entzuten ez zena. Egun badaude taldeak euskaraz egiteko, eta dendetara edo udaletxera ere hurbildu zaitezke euskaraz. Dena dela, beste herrietan gertatzen den bezala, erabilera nahiko urria da. Esan beharra dago bertan ez dela erraza transmisioa; umeak euskaldunak baldin badira, etxean ez, eta transmisio hori egitea zaila da. Baina, helduen artean euskaldun gehiago dago gaur egun, eta horrek itxaropena ematen digu. Transmisioa, dena dela, ez da hizkuntza bera bakarrik transmititzea. Euskararekiko sentimendu positiboa da. Hainbat etxeetan uste dute haurrak ikastolara bidaltzearekin dena egina dagoela, eta ez dago. Lan egiten jarraituko dugu.  Dena dela, azpimarratu nahi dut Mendialdean euskara badagoela, eta bizirik gainera; hori ikustera gonbidatuko nuke jendea.

Mendialdeko Euskararen Eguneko egitaraua:

  • 10:00 Aguakera mendi irteera, pilotalekutik hasita.
  • 11:00 Azoka, jai giroa.
  • 12:00 Umeentzako txokoa: puzgarriak, jolasak...
  • 13:30 Ioar dantza taldearen emanaldia, Berrotza txistularien laguntzarekin.
  • 14:30 Herri bazkaria eta txotxa.
  • 16:00 Karaokea.
  • 17:30 Esku pilota.
  • 19:00 Dantza plaza Jotafa eta Kirkirikuren eskutik.
  • 21:00 Dantzaldia gauerdira arte, Iratzar taldearekin.
  • 21:30 Bokatak eta txotxa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide