Elkartasun zintzarriak, Kanpezutik Palestinara

Anakoz Amenabar 2016ko eka. 3a, 09:00
Israelen aurkako boikot

Israelen aurkako boikot kanpainari atxikitzeko mozioa aurkeztu eta Palestina Eguna ospatuko dute datorren astean.

Hamar urte joan dira Gasteizko Judimendiko zanpantzar talde batek –Mendialdeko hainbat lagun tartean–  protesta ekitaldia  egin zuela Palestinako Bil'in herrian. Ehun bat laguneko manifestazioaren buruan aritu ziren, Israelgo soldaduen harridura aurpegien aurrean. Elkartasun keinu hark arrastoa utzi zuen eta,  hamarkada bat beranduago,  Mendialdeara bueltatuko da. Palestina Egunarekin herrialde haren egoeraren berri emateaz gainera, BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainarekiko atxikimendu ofiziala adierazteko eskakizuna egingo dute datorren astean, Kanpezuko Udalean.

Mendialdean azken hilabeteotan abian jarritako elkartasun ekimenaren ondorio da egunotarako Kanpezun antolatu duten ekitaldi sorta. Besteak beste, Palestinako emakume mugimenduaren inguruko liburua aurkeztu du Mar Gijon idazleak  Lamingorria emakume taldearen eskutik, eta Palestinari buruzko unitate didaktiko bat ere landu dute gazteenek. Ekitaldi nagusia, baina, datorren ostiralean, ekainaren 10ean, egingo dute: Palestinaren Aldeko Eguna.

Haurrentzako kometa tailerra, dantza palestinarrak eta kale antzerkiarekin abiatuko dute jaia, eta protagonista diren joaldunak ere ez dira faltako Kanpezuko kaleetan zehar. 20:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, Kanpezu eta Palestina zubiak eraikitzen goiburu. 

Horren aurretik, baina, ekainaren 7ko udal batzarrean BDZ kanpainari atxikitzeko mozioa aurkeztuko dute, eta hala, "apartheidik gabeko Arabako lehenengo udalerria" izendatuko dute Kanpezu. 

BDZ kanpaina

Palestinara 2006ko udan egindako zanpantzarren bidaia hartan izan zen, hain zuzen, Edu Ruiz de Loizaga kanpezuarra. "Bidaia berezia izan zen, eta ziurrenik joan ginen guztiok gaiarekin ardura   handiagoa dugu geroztik; hainbat lagun eta eragileren lanaren ondorio da egun hauetan aurkezten ari garena", azaldu du. Ruiz de Loizaga zinegotzia ere bada herrian, eta haren taldearen ekimenez aurkeztuko dute BDZ kanpainarekiko atxikimendu ofiziala adierazteko eskakizuna; 2005ean jarri zuten Palestinan abian, eta 80ko hamarkadan Hego Afrikako apartheid erregimenaren aurka antolatutako nazioarteko boikot kanpaina du eredu. Okupazioaren amaiera eskatzen dute; apartheid harresia bertan behera bota eta errefuxiatuei jaioterrira bueltatzeko eskubidea bermatu arte lan egingo dutela jakinarazi dute.

"Atxikimendu mozioa aurkeztearekin batera, Palestinan bizi duten egoera sozializatzeko aukera aproposa zela uste genuen, eta horregatik erabaki genuen ekitaldi sorta antolatzea", azaldu du Ruiz de Loizagak. 

Hala, besteak beste, ekainaren 10a bitartean, Palestinari begira argazki erakusketa ikusi ahal izango da Kanpezuko Gure aretoan, BDZ kanpaina aurkeztuko dute Judimendi eta Mendialdeko joaldunek hilaren 2an, kultur etxean, eta Palestinaren Aldeko Eguna ospatuko dute hilaren 10ean, hitzaldi, dantza eta kontzertuak tartean. "Aurrerantzean ere, Palestinari elkartasuna erakutsi eta horretarako nola lan egingo dugun erabakiko dugu lantalde batean".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide