Euskararen Asteak eta Liburuaren Egunak bat egin dute aurten Maeztun

Mirian Biteri 2016ko api. 21a, 15:00

Ekintzaz lepo dabiltza egunotan Arraia-Maeztun. Batetik, urtero bezala, herriko herri eskolan Euskararen Astea egiten dabiltza astelehenetik; eta bestetik, Liburuaren Egunaren bueltan ere hainbat ekintza prestatu dituzte larunbaterako.

Azken egun horren bueltan, goiz osoan luzatuko dira ekimenak kultura etxean. Esaterako, Titania konpainiak Sorgina izan nahi zuen Maitagarria emanaldia eskainiko du 12:30ean, eraikineko beheko aretoan.

Liburuen trukea
Aurretik, baina, bestelakorik ere izango da. Ordubete lehenago hasiko dira erabilitako liburuak elkartrukatzen. Euskara teknikari Belen Garulok azaldu du bigarren aldia dela horrelakorik egiten dela Maeztun; horren harira, jakinarazi du egunean bertan eraman behar direla liburutegira etxean egoera onean dauden eta erabiltzen ez diren liburuak, eta jasotako guztiak eskuragai jarriko direla.

Trukeaz gain, liburutegiko hainbat liburu ere zozketatuko dira. Garulok jakinarazi du euskarazko argitalpenak direla banatuko dituztenak. Trukea eta zozketa egiten den bitartean, umeentzako jolasak ere antolatu dituzte, eta helduen arteko solasalditxoa egiteko asmoa ere badutela adierazi du teknikariak.

Liburuaren Eguna Euskararen Astearen bueltan prestatutako egitarauaren barruan dago. Astelehenean eman zioten hasiera horri, ludotekan egindako eskulana tailerrarekin. Astearte goizean, Iñaki Zubeldia idazlearen bisita izan zuten ikasleek, eta arratsaldean, herriko liburutegia bisitatzera joan ziren. Asteazkenean, euskal artistak ezagutzeko solasaldia izan zuten.

Sormen tailerra eta taloak
Ostiraleko egitaraua beteta dator. Goizean, eskolako logoa eta leloa ezagutaraziko dute; lehiaketa egin dute aurretik horiek aukeratzeko. Arratsaldean, berriz, Eba Barrio eta Victor Vargasen laguntzarekin, sormen tailerra egingo dute askotariko materialak erabiliz. Eta arratsaldeari amaiera borobila emateko, talo askaria izango dute, Arraiamendi guraso elkartearen eskutik.  

Kanpezun bi hitzordu
Bestalde, Santikurutze Kanpezun ostiralean dute Liburuaren Eguna ospatzeko asmoa. Horren bueltan, bi ekintza dituzte aurreikusita: alde batetik, ordubeteko iraupena izango duen irakurketa publikoa egitea; askotariko adinetako hamabi lagun hartuko lukete parte horretan. Bestetik, liburutegian liburuak maileguan hartzen dituztenen artean lore bat banatzea. 

Horrez gain, herriko erretiratuen zentroak Drogak eta osasun mentala: prebentzioaren garrantzia hitzaldia hartuko du ostiralean, 18:00etan. Besteak beste, bien arteko loturaz jardungo dute, eta arrisku faktoreak eta zeinu goiztiarrak ezagutuko dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide