Bujandako "auzotar zaharrena" sendotzeko neurriak hartu dituzte

Mirian Biteri 2016ko api. 16a, 07:00

Herriko plazako masusta-arbola denborarekin "ezegonkortu" daitekeela uste dute bertako administrazio batzarrak eta herritarrek; hori dela eta, zuhaitza sendotzeko lanak jarri dituzte abian.

Bujandan bizi direnentzako erreferentea da plazako masusta-arbola zaharra; eta hortaz, arreta handiz zaindu beharra dagoela uste dute bertan. Azkenaldian ohartu egin dira oinarritik apurtzeko arriskua duela, eta hori gertatu baino lehen neurriak hartzea erabaki du Bujandako administrazio batzarrak.   

Javi Lopez de Luzuriaga presidenteak zuhaitzaren osasunaz egin du berba: "Masusta-arbola zaharra da, bi oin dauzka, eta denborarekin ezegonkortu daitekeela pentsatzen dugu. Gainera zuhaitz inguruan dagoen harri egituran arrakala batzuk ikusi ditugu".

"Mugimendu, erorialdi edo enborraren haustura" saiheste aldera, masusta-arbola indartu beharra dagoela nabarmendu du, eta dagoeneko jarri dira lanean. Zehazki, oin baten adar bat moztu dute, pisua eta tentsioa kentzeko. Adar horretatik, gainera, aldaxkak egin dituzte auzotarren artean, landare berriak lortzeko. Horrez gain, datozen hilabeteotan, harrizko egitura indartuko dute, eta bi oinak uhal batekin finkatu. Udaberria amaitu aurretik egingo dituzte lan horiek. Udazkenean, aldaxkak berriz ere egiteko asmoa dute.

Zigiluan eta armarrian
Bujandakoentzako herriko "auzotar zaharrena" da plazako masusta-arbola. Lopez de Luzuriagak gogorarazi duenez, betidanik geratu izan dira herritarrak masustondoaren azpian, eta, gaineratu du plaza jai guztien gunea dela. Gainera, Bujandako zigiluan eta armarrian  ere agertzen da.

Presidenteak jakinarazi du horren gaineko informazioa eta bibliografia bilatzen ari direla bere adina eta historia ezagutzeko. Badakite egungo masusta-arbola baino lehen beste bat egon zela, eta orain dela ia ehun urte dagoeneko bazegoela oraingoa. Gotzaindegiko artxiboan 1880an agertzen da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide