Izkiko ohiko fruta arbolak berreskuratzeko egitasmoa martxan

Erredakzioa 2016ko mar. 11a, 09:28

Mendialdeko herritarrek fruta arbolak babesean hartzeko aukera izango dute. Jarduera hori datorren larunbatean, hilaren 19an, egingo da Korresen.

Aldundiak Izkiko parke naturalean ohikoak izan diren fruta arbolak berreskuratzeko proiektu bat sustatu du. Proiektu horren harira, Fruta arbolak babesten jarduera antolatu du.

Martxoaren 19an, larunbatean, Mendialdeko auzotarrek babesean hartu ahal izango dute fruta arbola bana eta etxera eraman. Herritar horiek zenbait eginkizun izango dituzte, besteak beste, arbolaren bilakaeraren eta garapenaren berri ematea eta arbola hori kuadrillaren mugartean izatea.

Egitasmo hau fruta eta barazki ondarea berreskuratzea sustatzen duen tokiko elkartea Euskadiko Hazi Sarearekin batera martxan jarri du Aldundiak, eta Izkiko herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Hogei espezietako 478 arbola berreskuratuko dituzte egitasmo honen bitartez. Inguruko espezierik garrantzitsuena sagarrondoa bada ere, udareondoak, aranondoak, gaztainondoak eta mahatsondoak ere berreskuratu dira, besteak beste. Korresko Parketxearen ondoan dagoen fruta ortu berrian izango da hitzordua.
 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide