Mendia eta hizkuntza eskutik doaz 'Oxigenoa Euskarari' ekimenean

Juanma Gallego 2017ko api. 11a, 12:00
Gazteek, besteak beste, eskalada, orientazioa, eta segurtasuna landuko dituzte. | LAUTADAKO EUSKARA ZERBItzua

Hilabeteon hasi da eskolatik kanpo gazteen artean euskara eta mendizaletasuna sustatu nahi dituen programa.

2010ean abiatu zen, aurrenekoz, Oxigenoa Euskarari egitasmoa, Laudioko Udalaren eta Mendiak eta herriak mendi gidarien elkartearen arteko elkarlanaren ondorioz. Ordudanik, ekimena Lautadara ere zabaldu dute, eskolatik kanpo gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin. Aurtengo edizioa abian da. "Laudiori dagokionez, ikasturte osoan zehar, hamar txango egiten ditugu, irailetik ekainera. Lautada eta Barrundiako ekimenei dagokienez, sei txango antolatzen dira", azaldu du mendi gidari lanetan ari den Julen Reketak. Barrundiako ekimena 8-12 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago, eta Lautadakoa, berriz, 12-18 arteko gazteei.

Mendia ezagutzeaz gain, bestelako jarduerak ere lantzen dituzte txangoetan. "Beti saiatzen gara kutsu historiko edo etnografikoa duten lekuetara hurbiltzen. Era horretan, mendi irteera bakoitza aberasten ahalegintzen gara, eduki erakargarriak lantzeko aukera emanez".

Barrundiako gaztetxoekin, adibidez, Leintz Gatzagako museoan egon direla aipatu du mendi gidariak. "Laudiokoekin, berriz, Gipuzkoako burdinoletara joan gara".

Orientazioa eta eskalada

Baina mendiak berak ere badu, noski, protagonismoa. "Nola ez du izango ba, gu mendiko gidariak izanda!", dio Reketak. "Esaterako, mendian ondo orientatzen irakasten diegu parte hartzen duten gazteei".

Garaiko urtegiaren inguruan, berariaz orientazioa lantzeko ibilbide bat prestatuta dago, eta hori baliatuko dute aurten ere. Horrez gain, eskalada ikastaroa egingo dute, eta mendian segurtasunez ibiltzeko nondik norakoak azalduko dituzte. "Lautadako gazteekin, Eginora joan ohi gara eskalada lantzera, Lezera; Laudiokoekin, berriz, Iruñean dagoen Rokopolisera joan gara". Gazteek natura ezagutzeko parada izango dute. "Mendian topatzen diren animalien eta landareen inguruko azalpenak ere ematen ditugu".

Gazteekin izandako esperientzia "primerakoa" izan dela azpimarratu du Reketak. "Asteburua tarte laburra da, eta askotan zaila da dena bateratzea, baina gazteek oso ondo pasatzen dute, eta esperientzia oso polita da". Ekimen honetan lagun dezente biltzen direla azpimarratu du mendi gidariak. Laudioko taldean, batez beste, 30-25 gaztek parte hartzen dute, eta, Lautadako eta Barrundiako taldeetan, berriz, hogei bat lagun bakoitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide