Chufamix, esne begetalak egiteko etxetresna

Naiara Lpz de Uralde 2017ko urt. 28a, 11:05
Enpresa martxan jarri zutenetik produktu ekologikoen azoka askotan izan dira. | Itziar Bartolome

Azken hamarkadatan internetek izan duen garapenak gure artean sortu diren startup-ak edo enpresa txiki berrientzat abantaila ugari ekarri ditu. Izan ere, sareak aukera edota zerbitzu berriak sortzea ahalbidetzeaz gain, gaur egun mundu osoan zehar produktu baten salerosketa erraztu egin du, eta bitarteko gutxirekin ezagutzera emateko baliabideak eskura jarri ditu. 

 

Itziar Bartolomek haren lana asko maite bazuen ere, euskara irakaslea izateari utzi zion bikoteak zuen ametsa egia bihurtzen laguntzeko. "Antton hortxateroa da, eta denbora asko zeraman hortxata goxo bat etxean egin ahal izateko zerbait asmatu nahian, Valentziatik kanpo bizi den jendeak ere bere etxean egiteko", azaldu du Bartolomek. Izan ere, hortxatak duen berezitasun bat hotzean bost egun soilik irauten duela da, eta horregatik, edozein dendatan saldu eta toki batetik bestera garraiatzea oso zaila egiten da". 

Denboraren arazo horri aurre egin nahian, eta buruari hamaika buelta eman ondoren, 2012. urtean, Monorchata enpresaren babespean, Chufamix sortu zuen, norberak merke-merke, kalitatezko landare esne naturalak egiteko balio duen etxetresna elektriko sinplea. 

"Hasiera batean soilik hortxata egiteko balioko zuela uste genuen, baina gero beste haziekin probak egiten hasi eta haiekin ere primeran funtzionatzen zuela konturatu ginen", azaldu du Bartolomek. "Modu horretan, kalitate handiko produktua lortzeaz gain, gure esnea egiteko bertako lehengaiak edota ekologikoak direnak ere erabili ditzakegu".

Ibilbide oparoa

Lau urteetako lanaren ostean, Bartolome pozik dago jendeak Chufamix-ari harrera oso ona egin diolako oso ongi hartu duelako, eta poliki-poliki merkatuan finkatzen ari delako. Hala, sarearen eta atzerrian dituzten saltzaileei esker, gaur egun etxetresna hau 40 herrialde desberdinetan saldu egiten da. "Mundura zabaltzeko webgunea eta blogak erabili izan ditugu. Bertan, publikazio gehienak gaztelaniaz zein ingelesez egiten ditugu, baina landareesnea.wordpress.com helbidean euskaraz ere noizean behin zerbait idazten saiatzen gara". 

Dena dela, tresna honek mundu osoan zehar gero eta erabiltzaile gehiago dituen arren, Ilarduiako bikote honentzat lehenengo urtea oso zaila izan zen. "Ez genuen inolako laguntza ekonomikorik jaso, horregatik gure indar eta diru guztia proiektua aurrera ateratzeko jarri genuen. Egia da Anttonek beste enpresa bat sortzearen eskarmentua zuela, baina hala ere hasierako bidea oso gogorra izan zen". 

Gainera, merkatu ekologikoaren barnean ere "izugarrizko ezustekoak" izan dituzte haien produktua aurkeztera joan diren bakoitzean. "Enpresa handiek ez dute tetrabrikak saltzeari utzi nahi, eta horregatik, gehienetan gu mehatxu moduan ikusten gaituzte eta ez aukera moduan".

Patentea, eskuan 

Zailtasunak zailtasun, egun, lasaiago daude asmakizuna bere izenean patentatzea lortu dutelako. "Atzerriko azoketara gure produktua ezagutzera ematera joaten garenean jende asko hurbiltzen da guregana Chufamix-arekin argazkiak ateratzera, eta horregatik beste enpresa batek gure ideia lapurtzearen beldur ginen", onartu du Bartolomek. "Orain, patentea esku artean dugula, hogei urtez lasaiago egongo gara". 

Momentu honetan aurretik egindako esfortzu handiaren poderioz lortutako bezero, jarraitzaile eta patentearekin enpresa egonkortzen hasi bada ere, etorkizunari begira, bikote honek lanean gogor jarraitzeko asmoa du, "oraindik hobetzeko gauza asko ditugulako". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide