"Herrian gauzak aldatzeko pausu handi bat eman dugu"

Naiara Lpz de Uralde 2017ko urt. 13a, 10:32
Asier Lafuente, 75 Ordu Euskaraz ekinaldiko sustatzailea. | Naiara Lpz de Uralde

Asier Lafuente, Agurainen 75 ordu euskarazeko antolatzailea. Herrian dagoen euskaren ezagutza maila altua eta erabilera bajua ikusita, euskaltzaleak aktibatzeari ekin zioten pasa den azaroaren 8, 9, 10 eta 11n. 

 

Pasa den otsailean 15 ordu euskaraz jaiaren nondik norakoak antolatzen hasteko bildu eta mota horietako jaiak egun bateko kontuan geratzen direla ondorioztatu zuten. Herrian zerbait gehiago behar zutela argi ikusi zuten Asier Lafuentek eta ekimenaren gainontzeko sustatzaileek. Hala, iazko udan Lutxo Egiak Bilbon euskaraz bizitzeko egindako performancea oinarri hartuta, eta Donostiako Egia auzoan egindakoaren pausuak jarraituta, Agurainen 75 orduz egunerokoan euskara hutsean bizitzera ekin zioten pasa den azaroan. 

Zein izan da egitasmo honen helburu nagusia?

Jendearen egunerokoan eragitea bilatzen genuen euren ohitura linguistikoak aldatzeko. Izan ere, euskaldunoi asko kostatzen zaigu euskarari eustea, segituan gaztelaniara pasatzeko joera baitugu. Eta noski, ohitura hori aldatu ezean jai dugu! Hortaz, argi genuen egitasmoa ez zela euskararen aste bat, eta horregatik, ekintza berezirik ez antolatzeko, 75 ordu horiek astearte batetik ostiral batera mugatu genituen. Horretaz gain, sei hilabeteetan zehar, hizkuntzaren pedagogia sozial bat egin genuen, bizilagunei egoeraren arabera hizkuntza nola erabili edota nola jokatu behar den erakusteko.

Eta helburu hori aurrera eramateko zein tzuk izan dira egin dituzuen ekintzarik garrantzitsuenak?

Bi kanpaina desberdin kaleratu ditugu, bata norbanakoari zuzenduta (Nik 75, alegia), eta bestea erakunde, komertzio eta kolektibo desberdinentzat (Guk 75). Kanpaina horien barruan, herria poliki-poliki prestatzen joateko, urte erdia eman dugu tailerrak, gidak, hitzaldiak, boletinak, bideoak, alfonbrak eta bestelako gauzak egiten. Gainera, atxikimendua sinatutako komertzioetan jarritako identifikazioekin euskaraz aritu nahi duenari bidea erraztu diogu, euskaldunok ezjakintasunaren aurrean beti gaztelaniara jotzen dugulako. 

Prozesu honetan, zein izan da erdaldunek bete duten papera?

Erdaldunen papera ere oso garrantzitsua izan da beraien aurrean euskaraz dabilen norbaiti gaztelaniara pasatzeko eskatu beharrean, ulertzeko ahalegin bat egin dezala eskatu zaiolako. Egia esan, horiei plazaratu diegun mezua oso ausarta izan da, orain arte ez baitzaie inoiz horrelakorik eskatu. Horregatik, hasieran ideia horren aurrean zelan erantzungo zuten beldur baginen ere, azkenean guztiek oso ongi erantzun dute, beraiek ere egokitzeko gaitasun handia dutela erakutsi dute.

Zeintzuk dira egitasmo honetatik atera dituzuen ondorioak?

Bi ondorio nagusi atera ditugu: lehenengoa, herrian euskaraz aritzeko nahia dagoela da, eta bestea, lortu dugun adostasun soziala izan dela. Kolektibo moduan lau egun hauetan herriak eman digun baimenari esker, soilik euskaraz hitz egin ahal izateko lizentzia hartu dugu euskaldunok, eta gaur egun, testuinguru honetatik kanpo ezin genezake horrelakorik egin. Hau da, mota, iritzi eta euskara-maila desberdineko jende asko elkartzea lortu dugu, eta hori oso pozgarria izan da. Agurainen gauzak aldatzeko egundoko aurrerapausoa eman dugula ikusi dugu.

Ekimena bukatu zenetik hilabete bat baino gehiago pasata, herrian euskararen presentzia areagotu dela nabari al da?

Bai, Aguraingo euskalgintza aktibatzea lortu dugu, eta egitasmoan parte hartu zuten %87ak portaera berri horiekin luzaroan jarraitzeko asmoa duela adierazi du. Orain herrian euskaldunen eta erdaldunen arteko elkarbizitza berri bat sortu da, eta ziur gara horrela jarraituz gero, hemendik gutxira beste tokietan ohikoagoak diren elkarrizketa elebidun horiek hemen ere normaltzat joko direla.

Prozesu luze honetan instituzioen laguntza izan duzue?

Ez, egindako kanpaina guztia autofinantzatuta izan da, instituzioak erdian sartzea nahi ez genuelako. Plazaratu ditugun mezu gehienak oso ausartak izan dira, eta ez genuen erakundeen baimena bilatzen ibili nahi. Orain, ordea, egitasmoa bukatu eta bere ondorioak esku artean ditugularik, Udalarekin bildu gara euskararen erabilera sustatzeko giza-baliabideak eta baliabide ekonomikoak jar ditzala eskatzeko. Eta modu berean, Arabako Foru Aldundiaren benetako inplikazioa ere behar dugu, gure ustez instituzioek euskara lehenesteko ausardia behar dutelako, lehenestea ez baita diskriminazioa egitea. 

Egitasmoak komunikabideetan izandako oihartzunak mesedegarria izan al da zuentzat?

Bai, komunikabideetan agertu garen bakoitzean harrotasun puntu bat sentitu dugula onartu beharra dugu. Gainera, hasiera batean ekimen berri eta ezezagun bat zenez, jendearengana iristerakoan asko lagundu ez ezik, Araba mailan ere euskararen alde lan egiten dela zabaltzeko balio izan digu.

Beste herri edota auzo batzuek Agurainen eredua jarraitu beharko lukete? 

Bai, zalantza izpirik gabe! Bakoitzak bere egoera eta ezaugarrietara moldatu beharko luke, baina argi dago oraindik euskaldunak ahaldundu eta aktibatzeko bide luzea dugula. Euskara jakiteagatik euskaldunak garela uste dugu, baina oker gaude. Etorkizunean jakitearekin ez da nahikoa izango, gure hizkuntza erabili ezean ez baitugu ezer aurreratuko. 

Datorren urtean egitasmo honekin aurrera egiteko asmoa duzue?

Momentu honetan balorazio fasean gaude, eta oraindik ez dugu erabaki tinkorik hartu. Baina bigarren buelta bat egonez gero, iritsi ez garen multzora zuzendu behar garela uste dugu. Ezin diegu etengabe euskaldun aktiboei ahalegin berezi bat egin dezatela eskatu, besteek ere horien bidea errazteko lan egin behar dutelako. Euskal Herrian 175 urte barru elebitasun perfektua emango dela esaten dute hizkuntzalari batzuek, baina gu ezin gara  horren zain eserita geratu. Pausuak behar dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide