Prestaketa lanetan izan dira azken egunetan Araiako dozenaka herritar, urteko mendizaleen hitzordu nagusiari ongi-etorria egiteko asteburuan. Hiru Haundiak zeharkaldia amaituko da larunbatean herriko plazan, laugarrenez, eta bertara helduko diren 1.700 mendizaleak hartzeko hamaika zeregin dituzte, Manuel Iradier elkarteak gidatuta.
Araban hasi eta Araban amaituko da aurtengoan lasterketa. Ondategin hasiko da ostiral gauean, 24:00etan, eta Araiara helduko da Hiru Handien hogeigarren lasterketa hau eta, harekin batera, milaka mendizale gerturatuko dira inguruetara partaideei babesa ematera.
Ostiral gauean helduko dira lehenengo mendizaleak Araiara, bertan motxilak utzi eta larunbaterako dena prest izateko. "Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere erakusleihoa izango da Araia asteburuan, mendizaleen artean batik bat, eta zonaldea ezagutarazi eta bizia emateko baliagarri izango da", azaldu du Endika Zinkunegi kirol zinegotziak. Mendian seinaleak jarri, aparkalekuak antolatu, kiroldegia prestatu, erosketak egin edota lasterketaren egunerako zereginetarako 150 boluntario baino gehiago aritu dira.
Araiarrak partaide
Joan den edizioan –2014an– 10:30ean heldu zen lasterketako lehenengo mendizalea Araiara, eta aurten ere 11:00etarako espero dituzte lehenengoak. "Hortik aurrera, gauerdira arte izango dute aukera partaideek zeharkaldia amaitzeko; beraz, herria goizetik gauera izango da girotuta", nabarmendu du lasterketa prestatzen boluntario dabilen Joseba Markinezek.
Herria mugiarazten du halako kirol ospakizun batek, aurrekoetan ere bizi izan duten moduan. Araian bertan, gainera, mendizale ugari dago eta mendi lasterketek gero eta partaide gehiago dituztela gogoratu du, eta hori ere nabari dela herritarren animoetan: "Gero eta gehiago dira. Aurten, bertako 14 lagunek eman dute izena lasterketarako eta hori ere sumatzen da; horregatik, modu batera edo bestera, bakoitzak ahal duen neurrian, herri guztia ibiliko da Hiru Handien inguruko lanetan".
Giroa, goizetik
Urbiatik Araiara bitarteko tartea bertako hainbat herritarrek markatuko dute –Gorbeia, Anboto eta Aizkorri gailurrak zeharkatuko dituzte partaideek, ehun kilometroko ibilbidean–, eta helmugara iristen direnei laguntza eskaintzen arituko dira beste zenbait. "Kiroldegian dutxa hartu, bazkaldu edota herrian ostatu hartu nahi dutenentzat dena prest dugu", aipatu du Markinezek.
Bisitari ugari espero dituzte larunbat goizetik, helmugara zain joango diren familia, lagun eta zaleekin. "Egunean zehar musika eta beste hainbat jarduera ere ez dira faltako festa honetaz gozatzeko", azaldu du Zinkunegik. Baina, antolaketa errazteko, bisitan euren kotxean doazenei gomendioa egin die Zinkunegik: "Autoarekin herri barrura sartu beharrean, prest izango diren kanpoko aparkalekuetan uztea eskatu nahi diegu". Udalak eta hainbat lagunek utzitako zelaietan prestatu dituzte egunerako aparkalekuak.