"Erakusketarako eramaten ditugu gaur egun abereak Aguraingo azokara"

Naiara Lpz de Uralde 2016ko ira. 29a, 10:08
Azoka egunean, Jose Mari Arrietak urtero behiak oinez jaisten ditu Aguraineraino

Jose Mari Arrieta abeltzainak 20 urte baino gehiago daramatza Arrizala herritik abereak Aguraingo azokarara eramaten. Euskal abeltzaintzarentzat garai zailak izan arren, aurten ere bertan parte hartzeko prest dago.

 

 

Agurainen dena prest dago larunbatean jaiei hasiera emateko. Aurten ere, adin guztietara zuzenduriko ekitaldi desberdinak prestatu dituzte, baina dudarik gabe, festetako egunik handiena urriko lehen asteartea da, abere azoka ospatzen den eguna alegia. 1395. urtean antolatu zen azoka lehendabizikoz, eta oraingoan 621. urteurrena ospatzeari ekingo diote. Abereen erakusleihoa izateaz gain, nekazaritzako makineriaren erakusketak, artzain gazten lehiaketak, artisautzak edota gastronomia txokoak ere bere lekua izango dute. 

Zenbat urte daramazu Aguraingo Azokara joaten? 

Bizitza osoa daramat azorakara joaten, baina abereak eramaten 22 urte inguru. Behin, Udaleko zinegotzi batek proposamena egin zigun, eta guk baietz esan genion jaia bultzatzeko prest geundelako. Hasieran, ganadu gutxi jaisten genuen, baina urteak pasa ahala kopurua handitzen joan ginen. Behin, hogei animalia baino gehiago eramatera iritsi ginela gogoratzen dut. Gaur egun, ordea, garai zailak dira euskal abeltzainentzat, eta horregatik, hamar behi eta zezen bat eramaten ditugu soilik. Gero badaude zaldiak, txerriak, ahuntzak edo astoak eramaten dituztenak ere. 

Azoka hau garrantzia handia duen hitzordua da?

Bai, inguruko baserritar guztientzat egun berezia izan da betidanik. Nire kasuan, abereak eraman eta haietaz arduratu behar naizenez, ezin dut jaiaz besteek egiten duten moduan gozatu. Baina azkenean, gutxitan ikusten dituzun baserritarrekin topo egin edota jende berria ezagutzen duzu, eta hori oso aberasgarria izaten da.

Beraz, abere azoka herriko jaien funtsa dela esango zenuke?

Bai, dudarik gabe! Aguraindarrentzat zein inguruko bizilagunentzat astearte hori egun handia izaten da. Azoka barik Aguraingo jaiak ez lirateke gauza bera izango.

Nolakoa da ukuilutik Aguraingo erdialderaino egin behar duzuen bidaia? 

Gu Aguraindik 4 kilometrora bizi garenez, behiak oinez jaitsi ohi ditugu. Normalean ibilbidea lasaia izaten da, errepide nagusitik joan beharrean trafikorik ez dagoen bideetatik joaten garelako. Baina familia zein lagunei laguntza eskatzen diegu guztion artean abereak hobeto gidatzeko. Beraz, normalean, Agurainera iritsi arte ez dugu arazo handirik izaten. Hori bai, herrira iritsi eta hor hasten dira komeriak! Azoka berez 11:00ak aldera hasten bada ere, behiak goizean goiz hezietan sartu behar ditugu. Orduan, oraindik oheratu ez diren juergazale askorekin topo egiten dugu. Orokorrean, gure bidetik alboratzen baldin badira ez da ezer gertatzen. Baina, "ausartegiak" direnean, behiengana gehiegi hurbildu eta hauek izutzen dituzte. Eta noski, animaliak ikaratzearena ez da okerrena, txarrena haiek duten arriskuaz jabetzen ez direla da. 

Noizbait azokara joateari utzi diozu? 

Bai, 2009. urtean, Arabako Foru Aldundiak otsoa inguruko mendietan sartzeko asmoa zuen. Artzain guztiak plan horren kontra geundenez boikota egitea erabaki genuen. Urte horretan azoka abere barik eta triste-triste geratu zen. 

Azken urteetan azokan bizi den giroa aldatu da? 

Bai, denborarekin giroa zerbait aldatu egin dela iruditzen zait. Ni txikia nintzela, abereen salerosketa egiten zenez, animalia gehiago elkartzen zen.  Amezkoako bailaratik, esaterako, ganadua ere oinez ekartzen zuten. Zaldiak eta behiak, adibidez, bi toki desberdinetan banatzen ziren, eta jende gehiago mugitzen zela nabaritzen zen. Egun, ordea, nahiz eta zaldien txapelketa egon, eraskusketarako eramaten dira animalia gehienak, eta horregatik saltsa gutxiago dagoela dirudi. 

Eta bertara joaten den jendearen profila?

Ez, bertaratzen direnen profila ez da asko aldatu. Izan ere, publikoa bi multzotan sailkaturik egon da beti. Alde batetik, baserritarrak edota nekazarien taldea dago. Hauek, askotan, animaliak dauden gunera gerturatzen dira zuzenean, azokaren beste esparruei ia jaramonik egin gabe. Eta bestalde, hirian bizi direnak daude. Hauek gehiengo izaten dira, eta normalean, abereak hain hurbil ikusteko aukera askorik izaten ez dutenez, ume txikiekin haraino gerturatzea gustatzen zaie. 

Zuk noizbait animaliaren bat saldu edota erosi izan duzu?

Bai, saldu bai. Txahal batzuk saldu izan genituen bere garaian, baina erosi ez.

Mota honetako ospakizunek Lehen Sektoreari mesede egiten diote?

Beno, ez zait iruditzen azokek gure sektoreari egundoko mesedea egiten diotenik, baina egia da erakusleiho moduan erabiltzeko balio dutela. Hau da, noizbait gure etxera animaliak erostera etorri izan dira aurretik azokan ikusi izan dituztelako. 

Gero eta abeltzain gutxiago geratzen da inguruan, nola ikusten duzu azoka honen etorkizuna? 

Oso gaizki, egia esan. Gure lana oso gogorra da, eta errentagarritasun faltagatik edo, egungo gazteria ez dago lanbide honetatik bizitzeko prest. Hortaz, geratzen garen abeltzain apurrak lan eta bizimodu honi diogun maitasunagatik jarraitzen dugu aurrera. Agian, hemendik urte batzuetara inguruan azokara abereak eramaten duen jenderik ez badago, kanpotik ekarriko dituzte animaliak, baina argi dago giroa ez dela bera izango.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide