Lehenengo pausoak eman ditu Lautadako Berdintasun Kontseiluak

Naiara Lpz de Uralde 2016ko ira. 15a, 13:23

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren Kontseilua izena jartzea adostu zuten pasa den astean egindako bileran

 

Lautadako Kuadrillako Berdintasun Kontseilua martxan jartzeko lehen urratsak egin ziren irailaren 8an Agurainen egindako bileran. Deialdi irekia egin zuten, eta herri, adin eta elkarte desberdinetako 17 emakume gerturatu ziren bertara. Lehen batzar horretan, besteak beste, kontseiluaren izena zein izango den adostu zuten. 

Kontseilu honen sorkuntzak berdintasunaren arloan gizon eta emakumeen jakinmina ase edota haien iritziak jasotzea ahalbidetuko du. Partaideek erabaki behar dute nolakoa izango den bere egitura, eta hasieratik bertatik honen inguruko eztabaida sortu da. Azkenean, bozketa egin ondoren, mistoa izango dela adostu dute, eta ez emakumeei soilik zuzenduta dagoena. Hala ere, momentuz emakumezkoak izan ziren gerturatutako bakarrak. 

Baina kontseilua benetan martxan jarri aurretik gauza asko geratzen zaizkie erabakitzeko, eta horregatik, datorren hilabetean berriro elkartuko dira egitura hori nolakoa izango den zehazten jarraitzeko asmoz. 

"Sentsazio onak"

Hala eta guztiz ere, Jaione Almirante Arabako Laudatako Kuadrillako Berdintasun Teknikaria sentsazio onarekin atera zen batzar hartatik emakumeak bildu behar direla uste duelako. "Ez dakit azkenean kontseilu honek funtzionatuko duen edo ez, baina behintzat toki, belaunaldi eta elkarte desberdineko jendea elkartu da, eta nire ustez sinergia hori positiboa da", dio teknikariak.

Duela urte batzuk Lautada mailan lan egiten hasi zenean, Euskal Herriko beste toki batzuekin konparatuz, berdintasunaren arloa teknikoki oso gutxi landuta zegoela konturatu zen. Hala ere, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta hobeagoa eskaintzeko protokoloa indarrean zegoen.  

Almirante pozik dago denbora honetan egindako lanarekin, eta bai bizilagunek, bai politikariek berdintasunaren inguruan antolatutako ekintzetan erakutsitako prestutasunarekin. Dena dela, oraindik lan asko egiteko dagoela onartu du, berdintasuna bermatuta dagoen esparrurik ez dagoelako. "Gaur egun gizonek eta emakumeok hezkuntza desberdina jasotzen jarraitzen dugu eta, noski, gero hori portaeretan ikusten da", azaldu du teknikariak.

Gizonen papera

Jaione Almirantek berdintasuna lortzeko borroka honetan gizonezkoen papera "funtsezkoa" dela uste du, eta emakumeekin batera kontseiluan lan egitera animatu ditu. "Gai honen inguruan zebait esan behar dutela pentsatzen baldin badute, lotsarik gabe gerturatu daitezen animatuko nituzke", dio teknikariak. 

Etorkizunari begira, Almirante positiboa da orain arte egindako esfortzuaren ondorioz gizartea generoen arteko desberdintasuna dagoela konturatu eta salatu egiten duelako. Dena dela, argi dauka arlo honen inguruan lanean jarraitu behar dela. "Indakeria matxista, esaterako, iceberg honen punta besterik ez da, eta existitzen bada sistemaren egituran bertan desberdintasunak daudelako da", adierazi du Lautadako teknikariak. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide