Rosa Parks, Xabier Amuriza eta Gasteiz

Erabiltzailearen aurpegia
Irudia: Anboto.org

Lehengo egunean, orain dela egun batzuetako Berria irakurtzen ari nintzela, Samara Velteren “Ukabil hori” izeneko zutabearekin topo egin nuen eta bertan Tess Asplundekin Suediako neonaziei aurre eginez keinu ausart batez.

 Rosa Parks etorri zitzaidan gogora, autobusean, zurientzako  eserlekutik altxatzeari uko eginez. Keinu esanguratsu eta eraldatzaileak.

Berriako orrialde berean Xabier Amurizari Iñaki Muruak eskaini zion artikuluarekin topatu nintzen. Zein izan zen Amuriza martxan jarri zuen keinua? Agian txikitako lehenengo hitz kantu haiek? Edo Franco garaiari zuzendutako begirada zorrotzen bat? Auskalo!

Baina zerbaitek jarri zuen martxan Xabier. Berak bertsolaritza euskara batuan sortu zuen, eta bertsolaritza zerutik zetorren dohaina ez zenaren konbentzimendua lau haizetara zabaldu zuen. Martxa. “Gakoa hor datza/aldatzeko martxa” bota zuen bertso gogoangarri batean.

Eta  ezagutu genuen Amuriza 1981ko Udako  Euskal Unibertsitatean. Liluratu gintuen bere bertso ikasleen gozamenak eta gureak  haiei kopletan entzunda ere bai.

Guk ere nahi genuen horrelako zerbaitekin gozatu Gasteizen. Eta horregatik 1982ko irailean joan ginen bost gasteiztar eta gasteiztartu (Txipi, Martin, Amaia, Rikardo eta bostok)  Abornikano herrian bizi den  Abel Enbeitarengana gure irakaslea izan zedin proposatzeko sortu nahi genuen bertso  eskolan.

Eta horrela hasiera eman genion bertso mobidari Gasteizen urte haietan, mila gozamen iturri. Aiara aldean ere bai. Eta beste hainbat txokotan. Dudarik gabe, garai haietan behintzat hori ez zen posiblea izango Amurizak keinu bat  egin izan ez balu, geroago ideia, lana eta bertso eskolen olatua bihurtu zena.

Xabierrek egindakoak ez du izan Rosa Parks-ek egin zuenaren bezainbesteko ondorio eta oihartzunik munduan, baina bai euskaldunon artean. Eta hitzaren kirol nazionalaren zale bihurtu ginenoi bizitza markatu, goxatu zigun (eta digu).

  Mila esker, tokaio!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide