Berdeak gara ala berde gaude?

Erabiltzailearen aurpegia

Xabier Rico

 

Gure hiriburu maitea ofizialki berdetu zutenetik bederatzi hilabete pasa dira, haurdunaldi oso bat. Denbora nahiko gure “greentasun” horrek zerbaiterako balio izan digun ikusteko.

Aitor dezadan jadanik inguruko hainbat hiri baino berdeagoa zela Gasteiz izendapen arranditsu hori jaso baino lehen. Berdeguneak ez zaizkigu falta, eraztun berdeak inguratzen gaitu, bizikletaz ibiltzeko bide gorri sarea ere badugu, gizarte etxeak hor daude auzotik mugitu gabe hainbat zerbitzu eskaintzen digutenak eta  abar….Kontu ezagunak dira.

Baina zer nahi duzue nik esatea? Berdetasunaren gailurrera igo nahian markak apurtzen gabiltza: Zeledon berdea, Probintzia plazako argiztapena eta beste hainbat txorakeria berderen lekuko gara. Turistek gure orlegitasuna miretsiko dute. Oraindik ez dugu Portugaldik “vinho verde” ekoizteko formula inportatu, baina agian baten baten buruan bueltaka ibiliko da ideia hori.

Hiriaren autopropaganda baino gehiagorako erabili ditugu bederatzi hilabete hauek? Barruko eraztun berdea hasiko dira egiten. Beste ezer aipagarririk ez dut entzun azken bolada honetan. Barkatu, bai, autobonboaren danbadak edonon entzuten dira. Hori bai, bizikleten zerbitzu publikoa kendu dute eta ez dakit nola ezkontzen den hori   berdetasunarekin. Hondakinen birziklapenaz ere ezer berririk ez zeruertzean.

Bestalde, gure auzo berrien diseinuan egindako kalteak badu konponbiderik? Posiblea da autorik hartu gabe Zabalganan erosketak egitea gure behi sakratua –autoa- hartu gabe. Ez dakit nola sentitzen zareten bertan bizi zaretenok, niri bertigo moduko bat eragiten dit Salburua edo Zabalganako kaleen gehiegizko zabalerak. Galduta sentitzen naiz bertan. Eta hori konponduko duen ama-seme-alabarik ez dago. Berdetasuna elkartasuna ere baldin bada, auzoko beste puntara joan behar da besteekin elkartzeko. Oinez, autobusez, bizikletaz edo lau gurpileko behi sakratuan? Zein aukeratzen dute bertako heldu gehienek?

Beraz, agian merezi zuen Gasteizek aurtengo hiriburutza berdea, baina nire inpresioa da hiria saltzeko ari garela aprobetxatzen batez ere. Batzuetan gehiegikeriak ere entzuten dira. Lehengo egunean hala zioen gure alkateak telebista publiko espainiarrean gure birziklatzeko ohituraz: “Hemen zerbait botatzen baduzu okerreko edukiontzira atzetik izango duzu baten bat kontu eske”.

Neska gasteiztar bati entzun nion irratian: “Ni green naiz” Hitz potoloegiak, nire ustez. Ganorazko aurrerapauso batzuk emango bagenitu hurrengo urteetan, gaitzerdi.

Oraingoz, animalion artean benetako izaki berde bakarrak igelak, apoak, krokodiloak eta naturaren berdean euren burua ezkutatu nahi duten beste batzuk ditugu. Martetarrak aparte utzita, agian beste nonbait gizaki berdeak egongo dira, baina Homo sapiens gasteiztarrok oraingoz nahiko berde gaude berde izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide