“Euskara, jalgi hadi mundura”, edo bi hitz liburuaren eguna dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Reguero 2016ko api. 18a, 15:06

Ez zait gustatzen hemen nitasunetik hitz egitea, baina oraingoan azken aldian buruan dabilkidan gogoeta bat ekarri nahi dut hona; hain zuzen ere, literaturari eta honen euskarazko itzulpenei buruzko bi hitz.

 Hasteko, aitortu behar dut urte luzez literatur liburuak albo batera utzi ditudala beste gai batzuetako liburuak irakurtzeko. Halere, duela bi urte-edo berriro literatura serio irakurtzen hasi nintzen. Aitortu behar dudan bigarren puntua da lehen gehienbat euskal literatura irakurtzen nuela, beharbada aurreiritzi ustelengatik.

Alabaina, azken bi urte hauetan literatur irakurketei berriro heldu diet. Eta oraingoan kanpoko literatura ere irakurtzen hasi naiz. Finean, kanpokoa gurea ere bada-eta, gu mundu eta gizarte honen parte garen heinean. Harry Potteren zazpi liburuak, García Márquez, Agatha Christie, Angel Lertxundi, Émile Zola, Charlotte Brontë, Espronceda, Pio Baroja izan ditut, besteak beste, gaueko mahaian. Atzo bertan bukatu nuen Suzanne Collinsen Gose Jokoak trilogiako azken liburua, bide batez, hiruretatik gutxien gustatu zaidana.

Nola begiratzen den, euskaldunak pribilegiatuak izan gaitezke; elebidunak gara eta ez dugu eragozpenik bi hizkuntzetan irakurtzeko. Berdin uler ditzakegu euskaraz zein gazteleraz (Hegoaldean) edo frantsesez (Iparraldean) dauden liburuak. Gabriel García Márquez eta  Julio Cortazar jatorrizko bertsioan irakur ditzakegu! Dena den, euskarazko eta erdarazko liburuen eskuragarritasuna ez da berdina. Atzerriko autoreen euskarazko itzulpenak ez dira nahi bezainbeste; are gutxiago gaztelerarekin konparatzen baditugu. Gainera, liburu dendetan ez dira eskuratzen errazenak eta batzuk agortuta omen daude. Suzanne Collinsen trilogiako bigarrenaren euskarazkoa ezin eros daiteke. Literaturaren egoera baino okerragoa da filmena eta telesailena. Hauek gehienbat gazteleraz edo jatorrizko bertsioan ikusi ditzakegu, oso gutxi euskaraz.

Europako herrialde askotan jatorrizko bertsioak ikusten omen dira, azpitituluekin. Ez dut zalantzarik egiten hizkuntzak praktikatzeko aukera ezin hobea dela jatorrizko bertsioak ikusi edo irakurtzea, baina nago euskarari kalterik ez liokeela egingo halakoak euskaratzeak; kalitatea zaintzen bada, noski.

Etxepareren “Euskara, jalgi hadi mundura!” aldarria gure egin nahi badugu, euskal literatura erdaretara itzultzea bezain onuragarri (edo onuragarriago) ez ote da atzerriko literatura eta zinea euskarara itzultzea? Ez ote da horrela euskara mundura jalgiko? Mundu osoan idazten dena euskaraz emateak ez al lioke merezi duen lekua emango euskarari? Aste honetan da liburuaren nazioarteko eguna; badute argitaletxeek zertan pentsatu eta non inbertitu.                                      

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide