Ogroak, Sakamantekas eta umeak

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Reguero 2015ko urr. 16a, 02:00

Urtzi Reguero

Bat aita izatean gauzak aldatzen dira, tartean irakurgaiak. Tira, aldatu baino, gauza berriak irakurtzen hasten da umea nola ondo hazi ikasteko. Orduan irakurtzen du Frantzian umeak lokartzeko beldurrezko ipuinak erabiltzen dituztela. Gauean pertsianak itxita daudela entzuten den soinua ez da haizeak zuhaitzak mugiaraztean ateratzen duena, ogro bat omen dabil kalean lokartu ezin daitezkeen umeen bila, bahitu eta jateko. Euskal Herria ez da atzean geratzen, ezta Gasteiz ere, gisa honetako istorioak kontatzerakoan. Ezaguna da Anbotoko Marik bahitu zuen neskatxoaren kondaira bere amak agindutakoa bete ez zuelako. Frantzian ogroa dena Sakamantekas da Gasteizen. XIX. mendeko hiltzaile ezaguna loak hartu ezinda dauden umeen bila ibiltzen omen da. Ondorioa argia da: beldurra erabiltzen da umeekin nahi dena lortzeko. Baina benetan nahi ditugu umean beldurrean oinarrituta hezi?

 

Ez nuen gai hau hona ekarriko azken asteetan deigarri iruditu zaizkidan bizpahiru kasu ikusi ez banitu. Guztiak izan dira semearekin Gasteizko parkeren batean nengoela, eta guztietan gurasoak bere semea edo alaba zigortzen zuen, itxura batean txikikeriak diruditen gauzengatik. Umeak fruta lurrera bota duela eta zigortzea baino ez ote da hobe zergatik egin duen galdetzea? Agian esango digu ez duela goserik edo ez zaiola sagarra gustatzen; zergatik, beraz, behartu nahi ez duena jatera? Nahi duena ematea ez da gaizki heztea, umearen beharrak eta nahiak ulertzea baizik.

 

Seme-alabak hezteko ereduan dago gakoa. Sistemak erakutsi digu jendearen aurrean ondo geratzeko seme-alaba ondo heziak behar ditugula, ezeren gainetik helduak errespetatu behar dituztela, etab. Baina horrela, askotan, umeari behar duena ukatzen diogu sozialki ‘ondo ikusia’ dagoen horren mesedetan. Umea zigortu baino, ez ote da hobe modu onean galdetzea zergatik egin duen hori? Ez ote da hobe umearen beharrak entzutea ingurukoen aurrean ondo geratzea baino? Komeni da batzuetan umearen lekuan jarri eta guraso mozorroa kentzea.

 

Oro har gizarte sistema honen aurka eta eredu berri baten alde borrokatzen dugunok, behartuta gaude etxean ere kapitalismoaren izurriekin bukatzea. Egia da langileok, langabetuok, ikasleok presio handia dugula, areago krisiaren ondorioz; hori dela eta, askotan ahulenekin, hau da, umeekin ordaintzen ditugu frustrazioak. Etorkizunean trauma sakonik ez duten pertsonak hezteko lehen pausoa da umeak subjektu direla onartzea eta ez gure objektutzat hartzea.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide